Hasi berri den sasoi honetan, kadete eta jubenil mailako bost neskek, emakumezkoen taldea osatuko dute lehenengoz Cartonajes Limousinen. Orain arte ere, neska asko aritu izan da taldean, baina mutilekin batera lehiatu izan dira. Aurten, ordea, emakumezkoen lasterketetan parte hartzeko aukera izango dute talde gisa, estreinekoz.
Hala ere, neskena ez da talde bakarra izango. Hauez gain, beste berrogeita bat txirrindulari arituko dira Cartonajes Limousinen mailotarekin, hiru kategoriatan banatuta. Guzti horien aurkezpena, joan den igande goizean egin zuten, Cartonajes Limousin enpresak Amarotzen duen egoitzan; izan ere, bera da aurtengo denboraldian Oriako Txirrindulari Eskolaren babesle nagusia.
Txirrindulari gazteenak, alebin eta infantil mailakoak izango dira, eta eskolarteko txapelketetan lehiatuko dira. Kategoria bat gorago dauden kadete mailakoek, larunbatean bertan eman zioten hasiera denboraldiari, Ibaetako lasterketarekin. Bertan, laugarren, zazpigarren eta bederatzigarren postuak lortu zituzten, besteak beste, tolosarrek, eta taldekako saria ere eskuratu zuten.
Taldeko nagusienak, berriz, jubenil mailako txirrindulariak dira. Hauek ere, kadeteek bezala, pasa den asteburuan hasi zuten denboraldia, Pistako Euskadiko Txapelketarekin batera. Bertan, Oriakoko hiru ordezkari izan ziren, eta horren ondorioz, ezin izan zuten aurkezpen ekitaldian egon.
Zuzendaritza berria
Aurtengorako ere osatu dute zuzendaritza talde berria. Gehienak txirrindulari ohiak badira ere, tartean badaude taldeko guraso diren batzuk ere. Eskolarteko mailan, esaterako, hiru guraso arduratuko dira taldea zuzentzeaz. Gainerako taldeak, berriz, bina zuzendariren agindupean ariko dira.
Horien artean, badaude azpimarratu beharreko izen batzuk. Munduko txapeldun izandako Abraham Olano, adibidez, Cartonajes Limousinen zuzendaritzako kide izango da aurten. Era berean, bitan Espainiako txapeldun izandako Ainhoa Artolazabal ere, nesken taldea zuzentzen ariko da.
Berritasun modura, prestatzaile lanetarako hartu duten Aitor Andres ibartarra legoke. Usabal kiroldegian ireki duten Kirol Teknifikazio Zentroarekin hitzarmen bat sinatu du Oriako Txirrindulari Eskolak, eta taldeko txirrindulariak fisikoki prestatzeaz arduratuko da Andres. Gainera, jubenil mailako mutilen zuzendarietako bat ere bera izango da.
Taldearen inguruko informazio gehiago eskuratu edota klubean izena eman nahiko lukeen edonork, eskura dauka Oriako Txirrindulari Eskolaren web orrialdea: www.oriakotxe.com.