Emakumeen kultur sormena izango da martxoaren 8rako aldarrikapen

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 27a, 09:55

Gaur abiaraziko dute egitaraua, 19:00etan, ‘Emakumea eta kartzela’ mahai inguruarekin

Agurtza Zubero, Nekane Berriotxoa, Onintza Iraola, Miren Urkola eta Naiara Delgado agerraldian.

Hiru astez luzatuko den kultur egitarau oparoak bidea irekiko die, aurten, martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenei. Gure gorputza, gure erabakia lelopean, erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak, bertso nahiz musika saioak eta festa giroa izango dira, eta jarduera guztietan emakumeak izango dira eragile eta sortzaile.

Miren Urkola Berdintasun zinegotziarekin eta Agurtza Zubero Berdintasun teknikariarekin batera, egitasmoan parte hartu duten eragile batzuetako ordezkariak izan dira aurkezpenean; Tolosako Bilgune Feministako Nekane Berriotxoa eta Onintza Iraola batetik, eta Emakume artisten taldeko Naiara Delgado, bestetik.

Tolosako Udalak argi azaldu ditu, Miren Urkolaren eskutik, «emakumeen ahotsa entzunarazi, eta euren lana ikusaraziko duen» egitarauaren helburuak: «Duela ia 100 urte aldarrikatzen hasi ziren erreibindikazio asko indarrean daude oraindik, eta lanean jarraitu behar da sistema hau errotik aldatzeko; borroka feministaren aldarrikapenak gogora ekarri nahi ditugu, beraz».

Era berean, gainera, «emakumeek beren bizipenak jendartean ezagutaraztea» ere udalaren helburuetako bat izan da, egitaraua antolatzerakoan: «Hain maskulinoa den jendartean, emakumeen ahotsak eta lanak ez du gizonenak adina oihartzunik».

Oihartzun horren bila, kulturaren hainbat adarretako emakumeak izango dira eragile. Tolosako Bilgune Feminista eta Tolosako Herrira izango dira, eragileetako, batzuk; emakume artisten taldetik, berriz, Aurrez aurre erakusketan, Amaia Sarasola, Ane Etxebeste, Arantza Gabirondo, Arantza Munita, Eider Olazar, Idoia Elosegi, Idoia Santxez, Leire Alberdi, Miren Atxaga, Miren Gonzalez, Nagore Etxedona, Naiara Delgado, Nekane Berriotxoa, Nerea Linazasoro, Nerea Ugarte, Nisa Goiburu, Oihana Ugarte, Txitxi Orbegozo eta Tytti Thusberg izango dira sormen lanen egileak.

Espetxea emakumeen begietan

Emakumea eta kartzela mahai inguruak kartzela barrutik eta kanpotik aztertuko du, eta hausnarketa izango du helburu.

Preso izandako emakumeen ahotsaz gain, senideen kolektiboari ere pisu nabarmena eman nahi izan diote: «Gizartean bezala, eremu honetan ere emakumeek hartzen dute barrukoa zaintzeko ardura nagusia: babes emozionala, afektiboa, asistentziala».

Emakumeen Nazioarteko Eguneko egitaraua

Otsailak 27, asteazkena

19:00. Emakumea eta kartzela mahai ingurua, Aranburu jauregian. Hizlariak: Eider Ijurko, Begoña Uzkudun, Mertxe Galdos, Gotzone Ijurko, Nagore Esnaola, Esti Amenabarro, Begoña Uzkudun eta Mertxe Galdos.

Martxoak 4, astelehena

20:30. Mariposas en el Hierro dokumentalaren proiekzioa Leidorren. Bertha Gaztelumendi zuzendaria bertan izango da.

Martxoak 5, asteartea

19:00. Emakumea, osasuna eta murrizketak hitzaldia, kultur etxean. Mati Iturralde medikua izango da hizlaria.

Martxoak 8, ostirala

19:00. Kalejira morea irtengo da Emakumeon plazatik. Ondoren, afaria izango da Oargin.

20:30. Hau ez da kasualitatea bertso saio musikatua, Leidorren. Ainhoa Agirreazaldegi, Alaia Martin, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi.

Martxoak 13, asteazkena

19:00. Ni, Vera liburuaren aurkezpena, eta jarraian Emakumean eta eromena, garrasi isilak hitzaldia. Itxaso Martin izango da hizlaria.

Martxoak 15, ostirala

19:00. Emakume gazteen kontzertua izango da. Garazi Esnaola eta Garazi Egiguren; Marta Olea; Eider Garcia eta Mor-More.

Martxoak 19, asteartea

19:00. Hitzaldia, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegiren eskutik: Bertsolaritza: begirada feminista bat.

Martxoak 21, osteguna

19:00. Hitzaldia: Krisia emakumeen ikuspegitik. Nekane Jurado izango da hizlaria.

*Otsailaren 27tik apirilaren 6ra bitarte. Aurrez aurre erakusketa ikusgai izango da Aranburu jauregian. Tolosako emakume artisten sorkuntza lanek osatuko dute erakusketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!