Vendetta taldeak hirugarren diskoa, Atzo, Gaur eta Bihar, abenduan aurkeztu zuen. Duela hiru aste hasi ziren aurkezpen kontzertuekin. Hasiera batean, Euskal Herriko lehen kontzertua Ibarran ematea zen asmoa, baina Kalera Rock sartu zen tartean. Euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenaren garrantziaz jakitun, Durangon izan ziren Vendettakoak lehen kontzertua eskaintzen. Ibarran jotzeko irrikaz daude, ordea, eta horren adibide garbia Enrique Rubiños (Tolosa, 1977) da. Berak proposatu zuen denboraldia bizi den herrian hastea, gaztetxeari bultzada bat emateko ekarpena eginaz. Herritarren aurrean ariko da, beraz, larunbatean.
Gaztetxearen 20. urteurrena ospatzen ari dira Ibarran. Zure kasuan, herritarren aurrean ariko zera. Kontzertu berezia izango da, ezta?
Egia esan ilusio handia egiten zidan herrian jotzeak; taldekideei nik proposatu nien itzulia Ibarran hastea. Azken urteetan beti Bonberenean hasten genuen, beraiekin oso erlazio ona baitugu, eta tolosarra izanik... Aurten ordea, Jon Altuna gaztetxeko kidearekin hitz egiten ari nintzela, gaztetxeari mugimendu pixka bat emateko asmoa zutela esan zidan. Nahi baldin bazuten, diskoa aurkeztera Ibarrara joango ginela esan nien, eta ideia asko gustatu zitzaien beraiei; baita guri ere.
Noiz hasi zenuten ‘Atzo, Gaur eta Bihar’ diskoaren itzulia?
Duela hiru aste Bartzelonan. Euskal Herrian Ibarratik hastea pentsatu genuen, baina Durangoko Kalera Rock sartu zen tartean.
Zer moduzko harrera izan du diskoak eta zuzenekoak?
Egia esan oso ona. Ostiralean, adibidez, Valentzian izan ginen, eta harrituta gelditu ginen: jendeak hirugarren disko honetako letrak aurreko diskoetakoak baina gehiago ezagutzen zituen. Bigarrena dezente mugitu eta entzun zen, eta bat-batean, Valentziaraino joan eta hirugarrena horren indartsu ikustea, harrigarria izan zen.
Durangoko kontzertuan ere gustura egon zineten.
Oilo ipurdia jartzeko moduko kontzertua izan zen: jende guztia dantzan, izugarrizko giroa... Oso potentea izan zen kontzertu hori. Orain artekoa kontuan hartuta, beraz, diskoa eta zuzenekoa oso harrera ona izaten ari direla esan genezake.
Ibarran egun guztiko jaia antolatu dute, bazkari eta guzti. Giro berezia aurreikusten da.
Gaztetxea betetzea espero dugu, eta gehienbat, girotzea. Egun guztian zehar festa giroan ibiliko dira, eta gauekoa, pastelaren ginda izatea espero dugu. Jendea animaturik egongo dela uste dut, ez daukat horretan zalantzarik (barreak). Ea guztion artean giro ederra sortzen dugun.
Gaztetxeko oholtzara zer moduz moldatuko zarete?
Kontzertu hauek askoz gertukoagoak eta beroagoak izaten dira. Zerbait nabarmendu beharko banu, hori izango zen hain justu, egoten den giro beroa. Bestalde, taldekideek eszenatokira egokitu beharko dute; ni eserita eta geldi egoten naiz, baina beste lauak ez dira gelditzen, eta azkenean euren artean talkak, estropezuak eta komeriak izango dituzte. Hala eta guztiz ere, gustura ibiltzen gara horrelako lekuetan.
Publikoa hain gertu ikusteak sentsazio berezia sortu behar du.
Bai, horrela da. Jendea hain gertu eta animaturik ikustea izugarria da, jotzen ari dena ere giroan sartzen da: berotu egiten du.
Disko berrira itzuliz, ska musika eta euskara nagusi direla esan daiteke.
Euskararekin ahalegin berezia egin dugu, eta aurrekoetan baina gehiago sartu dugu. Alde batetik, Euskal Herrian mugitzen garelako, eta bestetik, kanpora begira, garrantzia hartzen ari den taldea izaki, euskara leku horietan ere entzutea nahi dugulako. Disko honetan euskarari garrantzi gehiago ematen saiatu garela esan daiteke, bai.
Musikari dagokionez, betiko Vendetta entzuten al da?
Beti nahastu izan dugu ska beste musika estilo batzuekin, eta disko honetan, ska klasikoa egon badagoen arren, agian pop-rock aldera egin dugu.
‘Begietara begira’ kantuaren bidetik?
Bide horretatik, bai. Antzeko pare bat kanta badirela uste dut disko honetan. Azken finean, kantak idazten hasten zarenean, sentitzen duzuna egiten duzu, eta sentitzen duzuna esan. Batzuetan, modu batera ateratzen zaizu, eta besteetan bestera. Kutsu horrekin atera dira kantu horiek, eta ez digu inongo preokupaziorik sortzen.
Tronpetek irauten duten bitartean...
Bai, horrela da (barreak). Baina dena esan behar baldin bada, hain justu, kanta horietan ez dago tronpetarik (barreak). Baina, bai, diskoan hor daude.
Musika dantzagarria da.
Goitik behera. Kanta guztiak edo ia guztiak oso dantzagarriak dira. Bat dago besteak baino lasaiagoa dena.
Gustura al zaudete egindako lanarekin, eta diskoarekin?
Bai, oso gustura. Gauza berri bat ateratzen duzunean, beti izaten duzu zalantza hori: nolakoa izango ote da jendearen erantzuna? Baina hasieratik gauzak sinetsita egin ditugu, eta horrek ere lasaitasun bat ematen dizu. Gero jendearen erantzuna etorri da, eta oso gustura gaude.
Ibarra eta gero, nora joango zarete?
Martxoaren 8an Bilbon joko dugu; 15ean, Tarragonan; 16an, Madriden; 22an, Guadalajaran; 23an, Granadan... Ez dugu oraindik hitz egin, baina abendura arte horrela ibiliko garela uste dut.
Hiru seme-alaba, emaztea,...
Egunen batean Nagoreri (emaztea) monumentu bat egin beharko diot plaza erdian, baita nire guraso eta bere gurasoei ere. Horrelako bizitza aurrera eramatea ezinezkoa da familiaren babesik gabe.
Euskal Herriko taldeek kanpoan nolako harrera izaten dute?
Bide hori jorratzen pixkana-pixkana hasten zara. Lehen aldian, inork gutxik ezagutzen zaitu, eta zapore ona utzi behar duzu horretan jarraitu nahi baldin baduzu. Hala eta guztiz ere, gure kontzertuetara joaten direnek Euskal Herriarekiko sentsibilitate pixka bat edo asko edukitzen dute. Sentsibilitate horrekin, gero eta jende gehiago dagoela ikusten dugu gainera. Normalean, beraz, harrera ona izaten dugu.
Zuen herriaren enbaxadore lana egitea ere tokatuko zaizue, beraz. Zer moduz moldatzen zarete horretan?
Gehienbat egoera normalizatzen saiatzen gara, hau da, komunikabide batzuk jartzen gaituzten bezalakoak ez garela azaltzen dugu; saiakera behintzat egiten dugu horretan.
Egitaraua
Martxoak 1, ostirala
19:32. Pablo Haselen hitzaldia Subegi Elkartean: Arte Revolucionario.
Ondoren. Afari merienda Subegi Elkartean.
Martxoak 2, Larunbata
12:03. Zirkoloretsua gaztetxoei zuzendutako ikuskizuna, Ibarrako plazan.
14:29. Herri bazkaria Subegi elkartean, bertsolariekin.
Bazkalostean. Bertso poteoa herrian zehar, Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua bertsolariekin.
22:01. Kontzertuak gaztetxean, Pablo Hasel eta Vendetta taldearekin.
Sarrerak eta zerrenda: Bazkarirako zerrenda Zubiaurre, Atari eta Alai tabernetan. Kontzerturako sarrerak: Denak, Alai, Zubiaurre eta Atari tabernetan.