Iragan ostegunean egin zuten elkarretaratzearen une bat[/caption]
Nafarroako Gobernuak hezkuntzan eginiko murrizketen aurka kalera irtengo dira berriro bihar, Erleta eskolako irakasleak eta gurasoak, Ostegun beltzak lelopean. Iragan astean egin moduan, arropa beltzez jantzita elkarretaratzea egingo dute, 16:30ean, ikastetxearen kanpoaldean.
Amaia Azpiroz Erleta eskolako zuzendariak azaldutakoaren arabera, aldarrikapen hauen helburua, «bai familiei bai eta herritar guztiei murrizketen ondorioz eskolaren egoera aldatu egin dela jakinaraztea da». Izan ere, kasuan kasuko egoera bestelakoa den arren, Erleta eskolan argi dute hezkuntzan egin dituzten murrizketen ondorioak kalitatean eragin zuzena dutela: «Denboran nabarituko dugu kalitatea gutxitu dela», adierazi du Azpirozek.
Leitzako eskolaren kasuan, iragan ikasturtean zuten irakasle kopuru berbera mantentzen duten arren, horietako batzuen lanorduak murriztu dituzte, «horrek dakarren erritmoaren
moteltzearekin» eta funtzionamendurako diru sarrera ere gutxitu dute. Gehiago ala gutxiago murrizketek eskola guztietan dutela eragina dio Erletako zuzendariak: «Guk badakigu modua izango bagenu gehiago egiterik izango genukeela, baina alde guztietan murrizketak badaude, materialean, diru sarreran, lanorduetan... dugunarekin moldatu beharra dugu».
Leitzako eskola publikoan komisio bat sortu zuten irakasleek murrizketen gaia jorratzeko, eta bertan erabaki zuten osteguneroko aldarrikapenei ekitea. Gurasoei euren erabakiaren berri eman zieten, eta hauek ere protestara batzea erabaki zuten. Pasa den astean egin zuten lehen elkarretaratzea, eta «aurreikusi baino jende gehiago bildu zen». Gaurkorako ere deialdia luzatu dute Erleta eskolatik, herritar oro beltzez jantzita etor dadin. 10 minutu inguruko aldarrikapena egingo dute, eta horrela izango da ostegunero, martxoaren amaierara arte.
Bestalde, Erletan ezezik, Leitzako Amazabal institutuan ere hezkuntzako murrizketek utzitako eraginak «nabariak» direla dio bertako zuzendari Peio Zestauk: «Hiru irakasle gutxiagorekin bezala ari gara lanean, ordutegiak aldatu dira, beka deialdiak bertan behera, ingeleseko solasketa irakaslerik ez dugu... asko dira ondorioak, eta moldatzea besterik ez zaigu geratzen».
1leitzaldea@hitza.info