Jon Ander Galarraga Biologoa
Dortoka hitza irakurri duzuenean, ziur nago Galapagoetako dortoka erraldoi eta ikusgarria etorri zaizuela burura, edo agian maskota moduan erabiltzen dugun belarri gorriko dortoka polita hura. Baina gure ekokulturaren txoko xume honetan, gure dortokez hitz egingo dugu, bai guk ere, Euskal Herrian baditugu eta bertokoak diren bi dortoka. Ez dira Galapagoetakoak bezain handiak, eta ez dituzte Floridako dortoken kolore politak, baina ze demontre! Etxekoak dira! Bi dortoka ditugu gurean: korrontezalea eta istilzalea, baina euskarak ez die ‘dortoka’ deitzen, euskarak apoarmatu izena eman zien, polita izena ezta?
Nonbait dortoka hauek ikusi zituzten lehen euskaldunek, apo baten antza eman zien, baina gainean zuen oskola ikusita armaturik edo babesturik zegoela emango zuen. Beraz, ez deitu dortoka, deitu: Apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa) eta Apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis). Oso sarrera polita dirudien arren, honen atzean nahiko berri txarrak daude gure apoarmatuentzat, izan ere, bi espezien egoera nahiko kaxkarra da gure Euskal Herri mendizale, naturazale, ingurumenzale, birziklatzaile eta ekologismozalean.
Nazioarteko espezieen zerrenda gorrian, apoarmatu korrontezalea ‘ebaluatugabeko espezie’ bezala katalogatua dago eta apoarmatu istilzaleari ‘ia mehatxaturiko espeziea’-ren kategoria eman diote. Laburki esanda, apoarmatu korrontezalearen egoeraz oso gutxi dakigu eta istilzalea laster desagertzeko zorian geratuko da, aupa gu ta gutarrak!
Zein da gure apoarmatuen egoera honen erantzulea? Gure ibai eta erreken uren kalitate jaitsierak eragin nabaria izan duen arren, apoarmatuei 70. hamarkadan Floridatik maskota modura ekarri zen Floridako dortokak kalte galanta egin zien. Kontuz maskotekin! Zure Floridako dortokaz nazkatzen bazara, hauen bilketa lekuetara eraman edo bestela, afal ezazu dortoka zopa gozo bat! Floridako dortokak alde batera utzita, hitz egin dezagun gure apoarmatuez, nolakoak dira?
Apoarmatu korrontezalea haragijalea da, ehiztari bikaina, intsektu eta bestelako animaliatxoak jaten ditu, tarteka arrainak eta igelak bezalako animalia handiagoak jaten dituen arren. Denbora gehiena uretan ematen du, lurrera umatzera eta eguzkia hartzera joaten da, gainera neguan eta lehorteetan lozorro moduko batean sartzeko gai da eta urpean denbora ugari egin dezake ezer jan gabe. 20 zentimetroko tamaina duen apoarmatu koitadu honek, naturan harrapari ugari ditu: azeri, igaraba, basurde eta bestelako hegazti urtarrak. Horregatik, bataz beste egoera naturalean 25 urte bizi daitezke baina zainketa lekuetan 70 urteraino irits daitezke.
Apoarmatu istilzaleak, korrontezalearekin banatzen ditu eremuak, baina istilzaleak nahiago ditu ur geldagoak. Jatorduan ez du bere lehengusuaren antzik, apoarmatu istilzalea haragijalea den arren, besterik ezean landareez ere gustura elikatzen baita.
Badu xelebrekeria bat apoarmatu istilzaleak. Bera bizi den urak bederatzi gradutik behera daudenean, oso apoarmatu geldoa, zintzoa eta gutxi jaten duena da. Baina udaberria heltzean eta bere urmaeleko tenperaturak bederatzi gradutik gora daudenean, gure apoarmatutxo txiki geldoa, benetako apoarmatu aktibo, zoro eta sexuala bihurtzen da. Urpean benetako lasterketak egoten dira, arrak emeen atzetik doaz, emeek noski, ez diete hain errez uzten eta berebiziko hozkadak botatzen dizkiete ar gosetiei. Behin ar batek, eme bati atzetik heltzean gorteiatua hasten da, oso gorteiatu basatia. Arrak, bere buruarekin emearen burua kolpatzen du, hau oskol barrenera bidaliz, borroka honen ostean, hamar minutuz loturik egoten dira eta... kitto! Arra aste guztia, urpean, ur eta lurrak harrotuz emearen atzetik zalapartan ibili ostean... hamar minutu eta kitto. Gogorra da bai, dortoka arraren bizitza.
Hauxe izan da gaurkoan, apoarmatuei egindako omenaldi xumea. Utzi dortoka hitza erabiltzeari eta barneratu zuen euskaran apoarmatu hitza, politagoa da eta. Jakin ezazue apoarmatu hauen egoera askoz okerragoa izango zela lauzpabost boluntarioengatik izan ez balitz, lan handia eta inongo errekonozimendurik gabea egiten ari dira. Tartean beraiei elkarrizketa bat prentsan egitea hain zaila ote da? Milioika diru partida bestelako ekintzetara bideratzen diren Gipuzkoa ekologiko honetan, zer ote da ba apur bat apoarmatuen mesedetarako proiektuetarako bideratzea?
Informazio guzti hau eta gehiago (adi irakasleak!) www.euskalnatura.net deritzon euskal ekokulturaren txoko handiari zor diogu eta idaztearen ideia, Aranzadiko Herpetologia sailari www.aranzadi-zientziak.org. Honelako web orri xume eta elkarteei esker ez balitz non ote zegoen gure faunaren gehiengoa? Zelako altxor ezkutua dugun gurean.