Barriolari zailtzen ari zaio Binakako Txapelketa

Ataria 2013ko otsailaren 26a

Binakako Pilota Txapelketako 10. jardunaldia jokatu zuten iragan asteburuan Barriolak eta Bengoetxeak. Lehenak ezin izan zuen partida irabazi, eta bigarrenak, berriz, garaipena eskuratu zuen.

Xalak eta Barriolak Donibane Garazin jokatu zuten ostiralean, Titin III.a eta Merino II.aren aurka, eta 22 eta 9ko emaitzarekin galdu zuten. Leitzarra eta lapurtarra ezinean aritu ziren partidaren hasieratik. Merino atzeko koadroetan nagusi izan zen, nahiz eta Barriola saiatu. Leitzako atzelariak ezin izan zuen pilota kendu, eta Titinek ederki aprobetxatu zuen tantoa bukatzeko. Xala, berriz, makal aritu zen, eta ez zuen ongi defendatu. Norgehiagoka erraza izan zen, beraz, errioxarrentzat, eta garaipenari esker, sailkapenean gainditu egin dituzte Xala eta Barriola.

Bengoetxea VI.ak eta Beroizek, bestalde, larunbatean jokatu zuten partida, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Retegi Bi eta Zabaletaren aurka, eta 22 eta 8 irabazi zuten. Uhartekoak eta Leitzakoak osaturiko bikoak atzean kargatu zuen jokoa, eta Etxarrengo atzelaria azkar nekatu zuten. Julen Retegi, Juan Martinez de Irujoren ordezkoa, ez zen ia partidan azaldu, eta ezin izan zion bere atzelariari lagundu. Gainera, Leitzako aurrelariak sakearekin min handia egin zion Zabaletari, zazpi tanto eginez. Bengoetxeak eta Beroizek hurrengo faserako sailkapena ia baieztatua dute.

Asteburuko gainerako partidei dagokienez, Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak 22 eta 11 irabazi dute Berasaluze VIII.a eta Albisuren aurka, eta Arretxe II.ak eta Beginok, berriz, 13 eta 22 galdu dute Ezkurdia eta Zubietaren aurka.

Hurrengo jardunaldian elkarren aurka ariko dira bi leitzarrak. Iruñean jokatuko dute partida datorren larunbatean, martxoaren 2an, Xalak eta Barriolak Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurka.

10. jardunaldia jokatu ostean, Martinez Irujo-Zabaleta dira lehenak sailkapenean. Bengoetxea VI-Beroiz hirugarren dira, eta Xala-Barriola seigarren.

Olazabal, azken postuan

Bestalde, Bigarren Mailako Txapelketari dagokionez, Mikel Olazabal lizartzarrak eta Arrutik 15 eta 22 galdu zuten asteburuan, Rico IV.a eta Mendizabal II.aren aurka. Ondorioz, azken postuan jarraitzen dute sailkapen orokorrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!