Hasiera bikaina Danenako pultsularientzat

Ataria 2013ko otsailaren 26a

Euskal Herriko Halterofilia ligako lehen jardunaldia jokatu zuten iragan larunbatean, Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegian. Bertan, eskualdeko Danena Halterofilia taldeak emaitza oso onak izan zituen.

Guztira lau jardunaldi izango ditu ligak, eta puntu gehien lortzen duten hamar taldeak sailkatuko dira Espainiako Kopan lehiatzeko. Danenako pultsulariek 1.911 puntu batu zituzten larunbatean. Batis Kortajarena entrenatzailea «oso pozik» agertu da, «emaitza oso ona baita». Bere ustez, lehen hamarretan sartzeko aukera handiak izango ditu taldeak.

Lehen jardunaldi honetan, Lyam Rodrigez, Igor Sasiain, Asier Gallego, Ion Sasiain, Mikel Alvarez, Francisco Gonzalez eta Teddy Martinez lehiatu ziren. Horietatik, Alvarezen lana nabarmendu du entrenatzaileak, «Euskadiko hiru errekor egin baitzituen: arrankadan 138 kilo, eta beste bi olinpiko osoan, 301 kiloan utziz, 77 kiloko kategorian». Banaka, Mikel Alvarezek lortu zuen puntu gehien, Teddy Martinez sailkatu zen bigarren, eta Ion Sasiain izan zen hirugarren.

Hurrengo jardunaldia apirilaren 27an izango dute Danenako pultsulariek.

Emakumezkoen selekzioa

Bestalde, taldeka ez baino, Euskadiko selekzioarekin lehiatu ziren iragan larunbatean Danena taldeko emakumezko pultsulariak, eta hauek ere maila ona erakutsi zuten. Hain zuzen ere, puntuazioaren arabera, Villabonako Susana Davila sailkatu zen lehen postuan, eta bigarrenean, Larraulgo Goreti Amonarriz. Emaitza bikaina, beraz, bai neskentzat, bai eta mutilentzat ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!