Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa bihar 37 urte aldarrikatu zuten. Tolosaldea Sahararekin elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu data hori gogoratzeko, eta Tolosako Udalak bat egin du herri mugimenduaren deialdiekin. Gaur, hilak 26, osoko bilkuran mozio bat eztabaidatuko dute, eta bihar, 19:30ean, herritarrak kalera deitu dituzte. Ordu horretan, Tolosako Trianguloa plazan, elkarretaratzea egingo dute Maroko Saharatik at, autodeterminazioa eta independentzia lelopean. Azkenik, urteurren egunean, Tolosako udaletxean Saharako bandera zintzilikatuko du udalak: «Saharar herriari dagokion autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, eta era berean, sahararrekiko elkartasuna adierazteko».
Amasa-Villabonako Udalak gogor salatu du Marokok asteburu honetan 24 ekintzaile sahararren aurka emandako epaia: «Herriari goi mailako traizioa egin diotela leporatuta, kondena gogorrak ezarri dizkiete, inolako frogarik gabe, nazioarteko behatzaileek egiaztatu bezala».
Udaletik azaldu dutenez, «eta giza eskubideen elkarteen arabera», 24 ekintzaile horiek torturapean egin dituzte euren aitorpenak, baina epaimahai militarrak uko egin dio hori ikertzeari. Amasa-Villabonako gobernu taldearen iritziz, «epai horrek giza eskubideen gaineko nazioarteko parametro guztiak urratzen ditu, eta helburu du herri sahararra beldurtzea, autodeterminazioaren aldeko borroka bertan behera utz dezan».
Marokok herri sahararren giza eskubideak, tortura, bortxaketa, eraso, atxiloketa, desagerpen eta erbesteratzeen bidez etengabe urratzen dituela salatu dute udaletik. Epaia arbuiatzearekin batera, elkartasuna adierazi die kondenatutako ekintzaile sahararrei, euren askatasuna eskatuz: «Ikerketa inpartzial bat eskatzen dugu, kanpaleku horretan jazotakoa, batetik, eta egunero lurralde okupatuetan gertatzen dena, bestetik, argitzen laguntzeko». Ildo horretatik, giza eskubideak defendatu eta gainbegiratzeko Minursok eskumenak izan ditzala eskatu dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek. Azkenik, bere babesa agertu die saharar herriaren kausari, eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dute.