Bertso-sarea harituz

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 22a, 09:50

Tolosaldeko bertso-sarea osatu dute Harituz Bertsozaleen Elkargunean. Eskualdeko bertsozaleek badute, aurrerantzean, bertsoan aritzeko eta bertsoa haritzeko aukerarik.

Tolosako bertso eskolan astean behin elkartu ohi diren eskualdeko bertsozale batzuk, irudian.

Elkarguneari garrantzia ematen dio Mikel Artolak, Harituz-i buruz hitz egiterakoan. Tolosaldeko bertsozaleen elkargunea izango da, hain zuzen, Harituz, «eta ez bertsolariena edo bertso eskoletan aritzen direnena soilik», elkarguneko kideak azaldu duenez. Honela, beraz, esparru honetan aritzeko gogoa duen edonorentzako sarea abiarazi dute, bailara osora begirako estrategia prestatuz.

Hiru lan ildo nagusi izango ditu Harituz Bertsozaleen Elkarguneak: transmisioa, sustapena eta ikerkuntza. Hain zuzen ere, Bertsozale Elkartearen ildo berberak jorratuko dituzte, eta «helburua elkarteak egiten duen gauza bertsua egitea da, askoz ere maila baxuagoan», azaldu du Artolak.

Modu honetara, bertso eskolek koska bat gora egingo dute, eta «norberak bere herriko ikuspegia izan beharrean, bailarara begira jarri beharko du nolabait». Izan ere, transmisioa ildorik garrantzitsuena izango da Harituz-entzat: «Hori asteroko bertso eskolen erritmoarekin gauzatzen da, eta oso garrantzitsua da jendeak bertso eskoletan aritzeko aukera izatea. Gabezia garrantzitsua nabaritu genuen hemen, hasieratik: herri batzuetan irakasleak falta ziren, eta beste batzuetan, berriz, ikasle gutxiegi zeuden taldea osatzeko».

Transmisioan aurrera egin ahal izateko zeuden zuloak estaliko dituzte beraz, Harituz-en sarearen bitartez.

Bertsoaren ikerkuntzan nahiz bertsoa sustatzen ere ari dira, arituz eta harituz, «baina bigarren maila batean». Batetik, sustapena bertso munduaren inguruko ekitaldiak eta antzekoak antolatzen jorratuko dute, eta horren adibide da, gaur bertan Abaltzisketan izango den bertso-sorta kantuen afaria.

Abiada hartu dute, eta hilean behin jarduera bat antolatzea da euren helburua: «Datozen hilabeteetako ekitaldiak Amasan, Zizurkilen, Anoetan eta Andoainen izango dira».

Azkenik, ikerkuntzari ere gorde diote txokorik, eta dokumentazioa biltzea izango da, beren lehen jarduna: «Tolosaldean bertsolaritzaren inguruan mugitzen diren, eta mugitu izan direnen zerrenda moduko bat egin nahi dugu, eta jende horren inguruko datuak bildu ere bai». Honen harira, bertso eskoletan beren burua ikusten ez dutenek, baina bertsolaritzara hurbiltzeko gogoa dutenek, dokumentazioaren atal honetan tartea izango dutela nabarmendu nahi izan du Mikel Artolak: «Esan bezala, asmoa ez da bertso eskoletan aritzen den jendea bakarrik elkartzea, eremu horretatik kanpokoek ere parte hartzea nahi dugu».

Horrela, beraz, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak helbide elektronikoa eskuragarri du jada, eurekin harremanetan jartzeko; elkarguneko kide izan nahi duen edonork, harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi beharko du.

Taldea bere lehen pausoak ematen ari den honetan, Tolosaldeko 60 bertsozale bildu ditu jada, Harituz-en sareak. Hemezortzi urtetik beherako hamaika eta bat bertsozale ere bada, ordea, eskualdean; bertako haur eta gaztetxoen bertso eskolak koordinatzeko jomuga ere izango du, beraz, Harituz-ek: «Orain arte, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egiten zuen lan gehien arlo honetan, herri batzuetan, bereziki. Aurrerantzean, ordea, guk koordinatuko ditugu bertso eskolak».

Estrategia bateratuan ariko dira, bada, Harituz eta Bertsozale Elkartea: «Elkartearen estrategia bertso eskolek ahalik eta modurik autonomoenean funtzionatzea da, baina eurekin harremanik galdu gabe; urtean urteko plan bat zehaztuko dugu, beraz, elkarlanean».

Egitasmo honek guztiak egoitza baten beharra du ezinbestean, eta Tolosaldeko bertsozaletasunaren aterpe izango den txokoa bidean dela azaldu du Mikel Artolak: «Egoitza bat nahi dugu, baina era berean herri batetik bestera mugitu nahi dugu, herri batean zentralizatu gabe. Hala ere, ziurrenik Tolosan izango dugu egoitza; udalarekin harremanetan jarri gara, eta bidean da guztia».

Hilabeteetako lanaren fruitua

Duela ia bi urte sortu zen, egitasmoaren ideia: «Hasieran Alegialdean egiteko asmoa izan genuen, baina Tolosako bertso eskola indartsu zegoela ikusita, eskualdera zabaltzea egokia iruditu zitzaigun».

Horrela, Azpeitia, Azkoitia eta Errezilgo bertsozaleak biltzen dituen Erniarraitz Bertsozale Elkartea oinarri hartu, eta lekuan lekuko desberdintasunetara egokitu dute, Tolosaldeko bertsozaleen sarea osatzeko proiektua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!