Eragileek erabiliko dituzte Abastos eraikineko gelak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 22a, 09:45

Urtean behin, Tolosari begirako ekimen bateratua antolatu beharko dute eragile guztiek batera

Mikel Arreseigor eta eragileetako kideak Abastos eraikinean.

Abastos eraikineko goiko solairuko sei gela erabiliko dituzte, aurrerantzean, herriko hainbat eragilek. Mikel Arreseigor zinegotziak nabarmendu duenez, eragileen elkargune izateaz gain, «beren arteko sinergiak sustatzea izango da helburua».

«Tolosa herri bizia denaren erakusle», udalak eragileei gelak eskaintzeko beharra ikusi zuen, eta azken hilabeteotan bileretan elkartu dira, deialdei erantzuna eman dieten eragileetako ordezkariekin.

Guztira, sei gela jarri dituzte eskuragarri, eta honez gain, bilera gela handi bat ere bada. Eskaria, ordea, eskaintza baino handiagoa izan da, eta eragile guztien ordutegiak uztartuz, elkarbanatu egin beharko dituzte gelak: «Bileretan, barne-araudia osatu dugu denon artean, eta gelen garbiketa ere beren ardura izango da».

Horrela, astero-astero edo astean behin baino gehiagotan elkartzen diren taldeek giltza bat izango dute, eta noizean behin soilik elkartzen direnek, kultur etxean bete beharko dute eskaera orria, giltza eskuratzeko. Gainera, astelehenetik igandera 08:00etatik 23:00etara bitarte soilik erabili ahal izango dituzte gelak.

Oraingoz, 12 eragileren artean banatu dute Abastoseko goiko solairua, eta «eragileentzako erreferentziazko gune bilakatzea» da udalaren helburuetako bat. Hainbat arlotako elkarteen arteko sinergia hori bultzatzeko, beraz, urtean behin egitasmo bateratu bat antolatu beharko dute, Tolosari begira.

Tolosako Udaleko Kultura, Festa, Berdintasuna eta Gazteria sailek kudeatuko dute eremua, eta hilean behin eragileetako ordezkariekin elkartuko dira, jarraipena egiteko.

Oraingoz Altzoan, Tik-tak-truk denbora bankua, Gazteok Txapinetan, TOPA, Arpegi taldea, 15M, Tolosako bertso eskola, Tolosako skate taldea, Tolosako Zero Zabor, San Bernardo Eskaut taldea, Txosna batzordea, Urdiña taldea, ikasle mugimenduak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen elkargunea izango dira talde erabiltzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!