Gaztetxearen 20 urteak ospatzeko festa izango da martxoaren 1ean eta 2an

Ataria 2013ko otsailaren 22a

Ibarrako Gazte Asanblada hasia da gaztetxearen 20. urteurrena ospatzen. Hainbat kontzertu izan dituzte, eta baita antzerkia ere, eta orain urteurren festa egingo dute, martxoaren 1ean eta 2an, hainbat ekitaldirekin, Subegi elkartearekin elkarlanean.

Gazte Asanbladatik adierazi dutenez, festa berezi hau azken  urteetan gaztetxetik igaro diren belaunaldi desberdinekin batera ospatuko dute: «Elkarrekin ospatu nahi dugu udaberriaren etorrera, gure helburua Ibarrako belaunaldi desberdinekin jai egun ederra pasatzea baita». Halaber, Ibarra nahiz inguruko «gazte eta ez hain gazte guztiak» gonbidatu dituzte bai bi egun horietan bai eta urtean zehar antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera.

Rap eta hip hop musikaren bidez errealitatearen kritika egiten duen Pablo Hasel kataluniarrarekin solasaldia izango da hasteko, ostiralean. Larunbatean, berriz, egun osoko jaia egingo dute. Eguerdian gaztetxoentzako emanaldia izango da, ondoren herri bazkaria, bazkalostean bertso poteoa eta gauean kontzertuak.

Kontzertuetako sarrerak 5 euroan eskura daitezke Ibarrako Zubiaurren, Atarin, Gaztetxean, eta Alaien eta Tolosako Denaken, eta bazkarirako zerrendak, berriz, Zubiaurren, Atarin eta Subegin jarri dituzte.

 

Egitaraua

Martxoak 1, ostirala

19:32. Hitzaldi tertulia Subegi elkartean, Pablo Haselekin: Arte revolucionario.

Ondoren. Afari merienda Subegin.

Martxoak 2, lrunbata

12:03. Zirkoloretsua gaztetxoei zuzendutako ikuskizuna

izango da ikusgai Ibarrako plazan.

14:29. Herri bazkaria Subegi elkartean.

Bazkalostean. Bertso poteoa herrian zehar, Eneritz Zabaleta  eta Xumai Murua bertsolariekin.

22:01. Kontzertuak gaztetxean, Pablo Hasel eta Vendetta taldearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!