Gipuzkoako Foru Aldundiak mila ekintza baino gehiago izan ditu azken hilabetean, mendi-hegalek eragindako lur-jauziengatik eta lur mugimenduengatik. Horiek, nagusiki, lurraren biguntasun maila altuaren ondorioz sortuak izan dira, eta lurra hainbeste bigundu izanaren ardura bota duen euriarengan jar daiteke. Hainbat herritarrek euren burua arriskuan ikusi dute, kalte material handiak jasan dituzte, eta eguneroko jarduera oztopatua izan dute. Gipuzkoako landa eremuan bizi diren ehunka herritarrei gertatu zaie, tartean, tolosaldear askori. Hain zuzen ere, Tolosaldekoa izan da kasurik ikusgarrienetakoa, Abaltzisketako Iartza baserriko 80 urteko gizonezkoa helikopteroz erreskatatu behar izan zutenekoa.
Urak bere bidea behar du, eta bide hori egin ezean, bera izaten da irekitzen duena. Hor legoke guztiaren gakoa. Horren gainetik edo aurretik, ordea, uraren mailari erreparatu behar zaio, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenaren arabera, «egoera ezohikoa izan da, azken 50 urteetan botatako euri kopururik handiena bota baitu azken asteetan».
Aldundiaren Ur Baliabideen saileko eta Landa Garapena eta Nekazal Egitura saileko teknikari bana bertaratu dira lur jauziak gertatu diren lekuetara, balantzea egin asmoz. Kasuistikak askotarikoak diren moduan, sortutako arazoen zergatiak eta konponbideak anitzak direla azaldu dute: «Lurrak goitik behera etorri eta eraikinen aurka jo du, errepideak estali edo eraman ditu edota bideetan hutsuneak egin ditu; kasu bakoitza ondo aztertu behar da, eta dagokion konponbidea eman».
Abaltzisketan, ezustea
Abaltzisketako Iartza baserrian bizi den sendiak inondik inora espero ez zuen ezustea izan zuen iragan ostegunean. Mendiaren zati bat goitik behera etorri zen, eta baserriaren aurka egin zuen talka. Ertzaintzak lur jauziaren unean etxean zegoen 80 urteko gizonezkoa helikopteroz artatu beharra izan zuen. Baserriak, berriz, kalte handiak izan ditu, batez ere teilatuan, garajean eta ukuiluan. Bertako sendiak konponketak egin arte itxaron beharko du berriro ere baserrira bizitzera itzultzeko.
Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak adierazi duenez, azkar erantzun beharra izan zuten: «baserria salbatzerik nahi bazen berehala sartu behar ziren makinak lohi guztia kentzeko». Baserrirako bidea garbitu dute, eta ura desbideratu egin dute. Orain arazoari konponbidea emateko modu egokiena zein den aztertzen ari dira.
Gisa bereko lur jauzi gehiago ere izan dira, eta Zubizarretaren ustez, aurrerantzean ere izango dira: «Landagunea egun dugun bezala mantendu nahi badugu, zaindu egin behar dugu, mantenu lanak egin, eta horretarako udalok dugun aurrekontuarekin ez da nahikoa, beste erakundeek parte hartzea beharrezkoa da».
Gaztelurako errepidea
Bestalde, Leaburutik Gaztelurako bidea ibilgailuz egiten dutenek ere gertutik ezagutzen dituzte lur mugimenduek eragin ditzaketen oztopoak. Duela hilabete, GI 3881 errepidea hondoratu egin zen zonalde batean, eta iragan asteburuan ere gauza bera gertatu zen beste bi zonaldetan, maila apalagoan izan zen arren. Antza, errepidearen azpian dauden igeltsuak dira arazoaren sorburua. Ur kopuru handia erori zenez, mendi hegalak behera egin zuen, eta irtenbidea hori gelditzea izango da. Horretarako, kontrahormak egingo ditu Foru Aldundiak. Luixa Uzkudun Leaburuko alkateak azaldu duenez, «ezin da luzaroan eduki horrela errepidea, haustura gehiago gertatuko direlako». Uzkudunek esandakoaren arabera, «Aldundiak errepidearen bi alboetan dauden eremuak beharko ditu obrak egiteko, eta une honetan lur jabeekin ari dira negoziatzen». Bada, aurreikusitakoaren arabera, datorren astean jarriko lituzkete errepidea konpontzen hasteko makinak martxan.
Ezin da jakin saihestu daitezkeen hondamenak diren ala ez. Gutxiago, kontuan hartuta ezohiko ezaugarri meteorologikoak izan direla horiek eragin dituztenak. Hori bai, mendien eta bideen mantentze eta zaintze lanak beti direla onerako argi dago.