Txakurkrosak bigarrenez hartuko ditu Tolosako kaleak, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 20a, 12:17

Txakurra eta korrikalariaren erritmoa uztartzea da, kirol honen sekretuetako bat.

 

  • Iaz lasterketak izandako harrera ona medio, Tolosaldeko Guhau elkarteak ibilbide bera prestatu du igande honetarako
  • Lasterketa amaieran Itoitz Armendariz eskoriatzarrak erakustaldia eskainiko du

Bigarren aldiz ospatuko dute, igande honetan, Tolosako txakurkrosa. Guhau elkartearena izango da proba antolatzearen ardura, eta iazko ibilbide bera burutu beharko dute parte hartzen duten txakur nahiz gizon-emakumeek.

Zerbait antolatzen hasitakoan, horrelakoak mantentzea zailena izaten da sarritan, baina Guhau elkarteko kideak oso gustura daude joan den urteko esperientziarekin: «Egia esan iazkoa oso ondo atera zen. Lehen aldia izanik, bagenuen guztia behar bezala aterako ez ote zenaren beldur hori. Baina ederki joan zen dena, eta lasterketa ondoren Zerkausian egin genuen bazkarian ere oso giro ona sortu zen», azaldu du Guhau elkarteko Eneko Agirrek.

11:30ean abiaraziko dute lasterketa nagusia, baina goizean goizetik bertaratu beharko dute, Trianguloa plazara, parte-hartzaileek, informazio bileretara nahiz dorsalak jasotzera joateko. Igandean bertan, oraindik, izena emateko aukera izango da, gainera: «Normalean ez gara parte hartzaile asko izaten, 80 inguru, gutxi gorabehera. Hala ere, mugarik ez da izango txakurkrosean, eta beraz, jende gehienak azken unean ematen du izena».

Baldintza bakarra hartu beharko da kontuan, txakurkrosean korri egin ahal izateko: txakurrek, gutxienez, 12 hilabete izan beharko dituzte. Hori abiapuntu hartuta, federatuta dauden korrikalariek 15 euro ordaindu beharko dute izen ematea, eta federatu gabekoek, berriz, 18 euro.

Tolosako txakurkroseko ibilbide nagusia, iazko berbera izango dela azaldu du Eneko Agirrek, eta beraz, irteera nahiz helmuga Trianguloa plazan finkatuko dituzte: «Triangulotik irten, Korreo kalea zeharkatu, eta Gorritiko plazatik aurrera, bide gorritik Samaniego ikastetxeko aparkalekuraino joango gara. Hortik mendira bideratu dugu ibilbidea, eta Irura aldera joango gara mendiz. Behin hara iritsitakoan, Tolosara itzuliko gara, bide beretik. Gainera, joan-etorrian korrikalarien topo egin ez dezaten guztia prestatuta izango dugu».

Guztira, 11,5 kilometro inguru burutu beharko dituzte parte-hartzaileek, aipaturiko ibilbidean barrena. Entrenamenduak aprobetxatu zituzten iaz, lasterketako zirkuitua zehazteko: «Astero ibilbide desberdin bat adosten genuen, eta egokiena hautatu genuen, benetako entrenamenduetan oinarrituta», dio Agirrek.

Lehen saio honen ondoren, ordea, lasterketa laburrago bat izango da, hasiberrientzat eta gaztetxoentzat; 5 kilometro inguru burutu beharko dituzte azken hauek.

Behin lan gogorrenak amaituta, eta haurren gozamenerako, hamar urtetik beherako haurrentzat 200 metroko lasterketa txikia ere izango da. Jarraian, Eskoriatzatik Itoitz Armendariz etorriko da; txakurrekin aritzen da leretan, eta erakustaldi txiki bat egingo du bere txakur taldearekin.

Elkar ulertzearen sekretua

«Egin behar dena zera da, txakurra norberaren korri egiteko estilora moldatu», dio Eneko Agirrek. Txakurra eta korrikalariak erritmo bera izatea da, beraz, kirol honen sekretua: «Zure erritmoa azkarra baldin bada, txakurrak ere azkarra izan behar du, eta alderantziz».

Animalia eta gizakien arteko elkar ulertze horretan, ordea, badira korri egiteko egokiagoak diren arrazak: «Hori ez da hain argia, edozein txakurrek balio baitu korri egiteko, zure erritmo

bera jarraitzen badu. Hala ere, leretan aritzen diren txakurren inguruko informazioa bildu genuen guk; ez txakur nordikoak soilik, nordikoen eta ehiza-txakurren arteko nahasketa direnak. Eta han eta hemen galdetuta, txakur  horiek lortzea nahiko erraza izaten da».

Zaleak bilduz doan kirola

18 korrikalarik osatzen dute, Tolosaldeko Guhau taldea, eta beste kirol batzuetan aritutakoak dira gehienak. Jada badute lasterketetara animatzera joaten den jarraitzaile taldetxoa ere.

Pixkana zabaltzen ari den kirola da txakurkrosa, eta Gipuzkoan duela pare bat urte jauzi garrantzitsua eman zuten. Errenterian sortu zen txakurkrosean aritzeko Gipuzkoako lehen taldea: Txakurkrosa Oarsoaldean T.O. Gipuzkoan, ordea, Errenteriatik kanpo, korrikalari asko aritzen ziren probetan: «Norbera bere gisara entrenatzen aritzen zen, eta batera eta bestera joaten ginen lasterketetara, hemen ez zen ia probarik antolatzen. Gogoan dut, Soriako (Espainia) lasterketa batean, lehen 10 sailkatuetatik 8 gipuzkoarrak ginela. Egoera honen aurrean, zerbait egin beharra zegoela erabaki genuen».

Errenteriako talde hartan aritzen zen Eneko Agirre, eta eurek antolatzen zuten lasterketako korrikalari guztien helbide elektronikoak eskuratu zituztenean hasi ziren lanean, txakurkrosa Gipuzkoan hedatzeko: «Bakoitzari mezu bat bidali genion, bilera handi bat antolatzeko, eta handik talde berriak atera ziren, bailaran bailarakoak. Guhau orduan sortu zen, eta Tolosaldean bizi garenok elkartzen gara bertan».

Entrenamendu desberdinak egiten dituzte, norberaren lan ordutegia nahiz prestakuntzaren arabera: «Zonalde berean bizi direnek askotan entrenatzen dute elkarrekin, eta urrutiago bizi direnak batzuetan etortzen dira entrenatzera. Saio gehienak, hala ere, bakarka egiten ditugu, eta astean behin edo bi astez behin aritzen gara taldeka».

Herrialde nordikoetako garraiobidea, kirol bihurtuta

Herrialde nordikoetan lerei tira eginez ibiltzen ziren txakurrak, batetik bestera mugitzeko. Mushing deritzo jardun horri, eta bertan du jatorria txakurkrosak. Gerritik soka lotu eta txakurrarekin batera korri egiteaz gain, mushing-ak beste zenbait aldaera ere hartu ditu, bizikletan nahiz eskiekin. Euskal Herrian, ordea, azken urteotan asko zabaldu da txakurkrosak.

Horren erakusle dira, Gipuzkoan sortu diren taldeak nahiz liga: Euskanikross, Txakurkrosa Oarsoaldean, Ojo eta Guhau. Liga, berriz, jada jokatu dituzten Donostiako, Jaizkibelgo eta Zumaiako lasterketek, eta jokatuko dituzten Tolosa, Errenteria eta Oiartzungo txakurkrosek osatuko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!