Euskal kostaldeak eskaintzen dituen paraje eta paisaiez gozatzeko asmoz, mendi ibilaldia antolatu du Asteasuko Sagain mendi taldeak datorren igandean, hilak 24. Pasaiatik hasi, eta Uliako bideetatik barrena, Donostiaraino heltzen den ibilbidea burutuko dute, kostako laugarren etapa osatuz.
Hamasei kilometroko bidea egiteko, lau bat ordu beharko dituztela aurreikusten dute, nahiz eta txangoa egun guztira luzatuko den. Antolatzaileen esanetan, ibilbide ederra izateaz gain, burutzeko erraza da, eta edonork egiteko modukoa.
Goizeko zortzietan Asteasuko plazatik abiatuko dira, eta Amasa-Villabonara jaitsi ostean, trenez egingo dute Pasaiarainoko bidaia. Asteasura itzulera, berriz, arratsaldean izango dute.
Izen ematea zabalik
Jadanik zabalik da mendi ibilaldian izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek Asteasuko kiroldegian egin beharko dute inskripzioa, bost euroren truke. Epea, hilaren 21a, ostegunera bitarte izango da zabalik.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, Sagain mendi taldearen web orrialdean dauzka beharrezko xehetasun guztiak: www.sagain.org.