Tolosaldeko hogei eragilek bat egin dute Espainiako bandera jartzeko ia eskualdeko udal guztietara iritsi den aginduaren aurrean. «Asmo txarreko inposizio hauen aurrean, herri gisa erantzutea» eskatu dute.
Bai Euskal Herriarik sustatuta, prentsaurrekoa eskaini zuten, Amasa-Villabonako Gurea antzokian. Aralar, Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, EHNE, ELA, LAB, AHT Gelditu! Elkarlana, Autoeskola Antikapitalista, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Esait, Etxerat, Euskal Herria Sozialista, Euskal Herrian Euskaraz, ezker abertzaleko gazteak, Galtzaundi, Gazte abertzaleak, Herrira, Ikasle Abertzaleak, eta Jatorkin dira bat egin duten hogei eragileak. Egoerari aurre egiteko, martxoaren 9an, larunbatean, manifestazioa egingo dute Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta. Mobilizazioa 12:00etan hasiko da, Inposaketarik ez! Geurea ikurrina! lelopean. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Euskal jendarte osoarengana zuzendu dira: «Gure nortasuna eta gure izatea ukatu nahi dutenen aurrean zutitzeko deia luzatzen dugu». Euskal Herria desagerrarazi nahi dutela adierazi dute, eta «euskal herritarroi dagokigu gureak diren nortasun ikurren defentsa burutzea», gaineratu dute. «Ez gara espainiarrak ez eta frantsesak, euskal herritarrak gara, eta gure herriaren eta bere etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Ez dugu nahi gurea ez denik», aldarrikatu dute.
Euskal Herria, izena eta izana, elkar uztartzea ezinbestekoa dela uste dute, «gure herriaren etorkizunarentzat». Horregatik, «egunez egun gure izatearen isla diren nortasun ikurrak agertzeak, aldarrikatzeak eta erabiltzeak berebiziko garrantzia du gure herriarentzat», nabarmendu dute bat egin duten Tolosaldeko hogei eragileek.
Aldi berean, pertsona bakoitzak ere, bere esparrutik, euskal herritarren eskubideen defentsan aritzeko beharra dagoela agertu dute.
Mozioa udaletxe guztietara
Ildo beretik jarraituz, Tolosaldeko udaletxe guztietan mozio bera aurkeztuko dute. Besteak beste, martxoaren 9an Tolosan egingo den manifestazioan parte hartzeko deiarekin bat egiteko eskatuko diete. Era berean, udalek, ikurrinaren erabilera sustatzeko bitartekoak jar ditzatela eskatzen dute. Horrez gain, «nazio gisa agertzen gaituzten ikurrak babestu eta zabaltzeko» adierazten diete.
Alderdi politikoei nazio eskubideen defentsan aritzeko eskatzen diete. Gainera, inposizioak salatzeko eta Euskal Herria ardatz eta subjektu izango duen marko berri baten eraikuntzan murgiltzeko adierazi diete.
Hogei eragileek bateratu duten mozioa datozen egunetan egingo dituzten osoko bilkuretan aztertu eta onartuko dituzte.
20 eragileak
- Aralar
- Eusko Alkartasuna
- Ezker abertzalea
- EHNE
- LAB
- ELA
- AHT Gelditu! Elkarlana
- Autoeskola Antikapitalista
- Bai Euskal Herriari
- Bilgune Feminista
- Esait
- Etxerat
- Euskal Herria Sozialista
- Euskal Herrian Euskaraz
- Ezker abertzaleko gazteak
- Galtzaundi
- Gazte abertzaleak
- Herrira
- Ikasle abertzaleak
- Jatorkin