Tortura amaitzeko eskatu dute Joxe Arregiren omenez eginiko ekitaldian

Ataria 2013ko otsailaren 19a

Zizurkilen, Joxe Arregiren izena duen plazan omendu zuten Arregi zena herenegun. 32 urte bete ziren iragan asteazkenean hura torturatuta hil zutela, eta tortura behin betiko amaitzeko eskatu zuten Zizurkilgo Udalak eta Egiari Zor fundazioak antolaturiko Egia bide, askatasuna amets ekitaldian.

Tortura «sistematikoa» izan dela eta denboran ez duela etenik izan salatu zuen Egiari Zor fundazioko Nagore Mujikak. Oroitarazi zuen 4.800 tortura kasu egiaztatuta daudela eta, kalkuluen arabera, 10.000 euskal herritar inguru torturatu dituztela 50 urtean. 11 hil dira horrela, Mercedes Antxeta, Manuel Tomas, Antonio Goñi, Juanjo Munduate, Alfredo Valcarcel, Joxe Arregi, Esteban Muruetagiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro, eta haien senideek lore bana utzi zuten atzoko ekitaldian. Halaber, guztien ohorez biolinez lagundutako aurreskua dantzatu zuten.

«Oso latza izan da» esanez hasi zuen hitzaldia Mujikak, Arregi zenak 72 poliziak inkomunikatuta egon zen bederatzi egunetan eragindako zauriak azaltzeko erabilitako hitzak gogora ekarriz. Mujikak azaldu zuen Espainiako gobernu guztiak izan direla salatuak tortura kasuengatik: «Torturak bere horretan iraun du». Halaber, etorkizun baketsu bat eraikitzeko ezinbestekotzat jo zuen Espainiak praktika hori aitortzea, errelato guztiei bide ematea eta haien aurrean justiziarako eta erreparaziorako politika eraginkorrak aktibatzea. «Benetako erronka torturatu guztientzat egia, justizia eta erreparazioa eta errepikatuko ez den bermea eskuratzea da», gaineratu zuen.

Akordio politikoa eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidearen alde lan egiteko beharra nabarmendu zuen Mujikak. «Gure ekarpenak etorkizun hobe batean du zentzua, hau baita berme bakarra gertatutako bidegabekeria eta minak errepika ez daitezen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!