Urrezko aizkolarien binakako txapelketaren finala erabakirik gelditu zen larunbatean. Joseba Otaegi eta Unai Otaño sailkaturik zeuden, euren aurkarien zain. Finaleko bigarren bikotea nor izango zen Bilbon erabaki zen. Alde batetik, Nazabal-Zubiaga zeuden, eta bestetik Rekondo-Azurmendi. Finalerdia bi itzulira jokatu zen; joanekoan Nazabalek eta Zubiagak 1:50 segundoko aldea lortu zuten. Jon Rekondo leitzarrak eta Iñaki Azurmendik, finalerako sailkapena lortzeko, lehia irabazteaz gain aldeari buelta eman behar zioten, beraz. Ez zen horrela izan, itzulerako lehia ere galdu egin baitzuten.
Amaieran, bikote irabazleak 21 minutu eta 52 segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Leitzarrak eta Iñaki Azurmendik 22 minutu eta 17 segundoan gelditu zuten erlojua. Bi jardunaldiak kontuan hartuta, bi minututik gorako aldea atera zien Rekondo eta Azurmendiri, Nazabalek eta Zubiagak.
Irazuk ez du jokatuko apustua
Iñaki Azurmendik apustua bota zion Jon Irazuri, 12 oinbiko nork moztu lehenago. Desafioa ondorengo hiru hilabeteren barruan jokatu nahi zuen Arriarangoak. Irazuk hasieratik apustua hartzea zaila izango zela esan zuen, «lan handia eta aizkolari handia» sartzen baitziren jokoan. Urtarrilean, Zalduaren aurka irabazi zuen desafioa, baina une honetan, apustu bat jokatzeko moduan ez dagoela onartu du zizurkildarrak, «ez fisikoki eta ezta buruz». Irazuk bere lehentasuna txapelketak ongi prestatzea dela esan du.