‘Gazta zati bat’ laneko musika banda zuzenean entzuteko aukera, Leitzan

Ataria 2013ko otsailaren 15a

Esne Beltzako Xabi Solanok eta Zigor DZ zizurkildarrak musika proiektu berri bat mamitu dute Korrika Kulturalaren barruan. Esne Beltza taldeak 18. Korrikaren abestia egin du, eta bertako Solanok eta Zigor DZk Gazta zati bat dokumentalaren soinu banda, eta biak uztartuz, orain, filmeko musika eskaintzen ari dira herriz herri.

Bi musikariak ez daude bakarrik ordea, eta abentura horretan Esne Beltzako baxu jotzaile, Aitor Zabaleta leitzarra, eta Keu Agirretxea dituzte bidelagun. Laukoteak, ordea, beste gonbidatu bat du taula gainean: Udane Juaristi margolaria.

Aitor Zabaletak azaldu duenez, proiektu berri hau «dokumentaletik heldu da, ‘zergatik ez eman soinu banda eszenatokira?’ galdera egin genuenean».

Emanaldietan, hala ere, Gazta zati bat laneko musika baino gehiago ere eskaintzen dute: «Dokumentaleko musika bakarrik jota emanaldia motz geratzen zenez, kontzertu oso bat osatzeko, Keu Agirretxearen abesti batzuk eta Esne Beltzaren moldatutako abestiren bat edo beste sartu ditugu». Ordu eta laurden guztira. «Emanaldia goxo eta lasaia da», gaineratu du baxu jotzaileak.

Udane Juaristik, bere aldetik, hitzorduro marrazki desberdin bat egiten du kontzertuak irauten duen bitartean, eta emanaldi guztiak bukatzerakoan, erakusketa moduko bat egitea da beren asmoa.

Kontzertuak otsaila eta martxoa bitarte egingo dituzte, gehienak Korrika Kulturalaren barruan, bi izango direlarik ekimenetik kanpo eskainiko dituzten kontzertuak. Korrika Kulturalaren barruan hurrengo emanaldiak hauek izango dira: hilaren 24n Amurrion joko dute, eta martxoaren 3an, 9an, eta 10ean Donostian, Ordizian eta Gernikan, hurrenez hurren.

«Lan asko egin dute»

Leitzarrak dioenez, guztia moldatzea lan asko izan da, batez ere Xabi Solano eta DZrentzat. «Jendea bilatu behar da, denak elkartu, entseatu, abestiak moldatu... Udane Juaristirekin ere hitz egin behar zen, berak zenbat denbora beharko zuen ikusteko eta horren arabera guztia antolatzeko...», esan du.

Keu Agirretxea gitarra jole eta abeslariari formatu hau ez zaio arrotz egingo, baina Esne Beltzako gainontzeko musikarientzat esperientzia berria da guztiz. «Esne Beltzan jende asko gara taula gainean, eta hau formatu berria da, arraro egiten da. Horrekin batera kontzertuen lekuak ere berriak dira, Leitzakoa kenduta, zinema dela, antzokiak dira denak. Eta guretzako berezia da jendea parean geldi eta eserita ikustea. Oso aberasgarria izaten ari da, sentsazio berriak sortzen dituena», azaldu du.

Emanaldia herrian bertan

Zabaletak etxean joko du hortaz, igandean, Leitzan, eta hori «konpromiso gehiago» dela onartu du: «Urduritasun pixka bat gehiago izango dut, baina egia esan emanaldi bat gehiago izango da».

Leitzarra Gazta zati bat dokumentalaren soinu banda taula gainera eramaten ariko da datozen hilabeteetan, eta hori gutxi ez, eta aldi berean Esne Beltzaren datorren diskoa ere prestatzen ari direla esan du. «Aurten Esne Beltza ia geldi egongo da, hiru kontzertu bakarrik geratzen zaizkigu, eta gero diskoa prestatzen eta grabatzen ariko gara. 2014. urtera arte ez dugu kontzertu gehiagorik izango», argitu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!