«Niretzat astero harriak jasotzen jarraitzea nahiko erronka bada»

Ataria 2013ko otsailaren 15a

Inaxio Perurena Harri jasotzailea

Hirugarrenean lortu du Inaxio Perurenak (Leitza, 1984). Iragan igandean Leitzako Amazabal pilotalekuan altxa zuen jendaurrean 300 kiloko harria. «Oso gustura» dago, lanean gogor jarraitzeko gogoz.

Zer moduz sentitzen zara igandekoa eta gero?

Oso pozik nago, gainetik pisu handia kendu banu bezala.

Nola gogoratzen duzu jasoaldia?

Zuk duzun sentsazioa da jasoaldia oso motela izan dela, mugimenduetan indarra topera ari baitzara egiten. Gero ordea, irudiak ikusterakoan bestelakoa da sentsazioa. Gerrian biratu nuen, oso oso ongi, batere balantzarik egin gabe, eta oso kontrolatua joan zen dena.

Bazirudien hirugarren kolpea eman ostean ez zinela berdintzeko gai izango.

Hirugarrena eman ondoren gelditu egin nintzela zirudien. Hiru kolpe horietan arnasa kontrolatzea oso garrantzitsua da, pisu hori bularrean duzunean, ezin baituzu arnasarik hartu. Harria airean dagoenean saiatzen zara aire pixka bat hartzen. Altxaldian, hiru kolpeak oso ongi joan ziren, eta arnasa oso ongi berritu nuen. Beraz, hirugarren kolpea ematean bularretik fresko nengoenez, gelditu eta oso ongi pentsatu nuen hurrengo kolpean. Hiru kolpe horietan estu estu egongo banintz, berdintzen saiatu beharko nuke berehala, baina, honetan gelditzeko aukera izan nuen.

Eta azkenean berdindu egin zenuen.

Jendea oihuka hasi zen, epaileak buruarekin baiezko keinua egin zidan, eta ni, oso pozik. «Hauxe duk, egin diat!», pentsatu nuen. Orduan, saiatu nintzen deskonektatzen, eta entrenamenduetan egin ohi dudan moduan bigarrenez altxatzen, jendeak ere berriro ikus zezan. Baina, ezinezkoa izan zen, denbora guztian altxaldia bainuen buruan.

Aurrekoetan urduritasuna izan da zure arerioetako bat.

Igandean dezentez lasaiago nengoen. Harria altxatu aurretik esan nion laguntzaileari: «A ze alua den une hau!». Dena den, oso desberdina izan zen aurreko ahalegineko unea, hau da, azaroaren 25ekoa, eta iragan igandekoa. Azarokoa hilabete askoz plazara irten gabe iritsi zen, eta askoz urduriago nengoen.

300 kiloko jasoaldia eta gero nola geratzen da gorputza?

300 kiloko harri bat bularrean jartzen badizute segundo gutxiren buruan arnasik gabe hasten zara geratzen. Entrenamenduetan behin eta berriz altxatzearen ostean, arnasa errekuperatzen ohitzen zara. Hala ere, behin harria altxa eta lurrera botatzen duzunean, nekatuta ezezik, minberatuta geratzen zara, ederki sentitzen duzularik harria gorputzeko zein zonaldetatik igaro den.

Hemendik aurrera pixkanaka kilo gehiago gehituko dizkiozu harriari?

Igandean harriak baskularen gainean eta epailearen aurrean 300 kilo eta 400 gramo pisatu zuen, beraz, kilo bat eta pixka bat gehiago gehituta 302 kilo izango lirateke. Pixkanaka egingo dut. Dena den, aste hau nahiko arraroa izaten ari da, elkarrizketak edota erreportajeak ari naizelako egiten batean eta bestean. 300 kiloko harri bat altxatzeko gauzak ongi egin behar dira zure entrenamenduak eta orduak ongi errespetatuz. Hemendik aurrera ikusi beharko dut gorputza nola dudan kiloak gehituz joateko.

Oraingoz, beraz, erronka zehatzik ez?

Hor jarraitzea da niretzat erronka. 300 kiloko harria altxatzea ez da egun batetik bestera egiten den zerbait. Niretzat aste guztiko entrenamendua da, eta astean zehar gorputza ondo ikusten badut, badakit asteburuan harria altxatu ahal dudan ala ez. Beraz, nahiko erronka bada, astero astero harria altxatzeko lanean jarraitzea. Lehenengo plazaratzea 302-303 kilorekin-edo izango litzateke, etxean ongi prestatu eta gero.

Zailtasunak izan dituzu gorputzarekin, eta denbora batez udan harria altxa gabe ere egon zinen. Ondo erantzun al du gorputzak?

Altxaldia eta gero mina sentitzen dut, baina min ezaguna da. Badakit 300ekoa altxa eta gero ziztadak sentituko ditudala, baina nire ohiko entrenamenduak egin eta gero buelta ematen diot. Beldurra ere ematen dit, pisu handiko entrenamendu hauen eraginez hernia dudan zonaldea gehiegi mintzen ari naizenez berriro ere dena gelditu beharko dudan, eta pisu txikiagoarekin hasi. Ea ez den horrelakorik iristen.

Lau izen daude orain 300 kiloko harria berdindu dutenen zerrendan.

Gauza handia da. Nik altxaldiko unean ez nuen hori buruan, 300 kiloko harriarekin buelta asko eman behar izan baitut. Beraz, zerrenda horretan sartzeak baino gehiago, harria altxatzeak eman zidan poz handia, asko kostatako unea izan baita. Hiru izen horiekin batera historian sartzea, gauza handia izan arren, burutik kentzen saiatu naiz, eta eguneroko martxan jarraitu dut.

Aitarentzat handia izango da semeak horrelako erronka gainditzea.

Igandean urduri zegoela eta malkoren bat ere egin zuela esan didate, eta hori normala da. Ez aita izateagatik soilik, izan ere, berak une hori ere igaroa du, eta badaki zein gogorra den.

Igandeko jaialdian Joseba Esnaola berrobitarrak ere parte hartu zuen. Harri jasotzaile gazteak ere badatoz atzetik.

Nabari da Esnaolak indarra duela, eta bizkorra da, beraz etorkizuna izan dezake mundu honetan. Askotan gertatzen da mutil batek afizio handia izan dezakeela, baina agian ez dakiela nondik eta nola hasi. Beste askotan, berriz, hasi egiten dira, baina ez dute jarraitzen, gazteek segituan altxatu nahi izaten baitituzte pisu handiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!