Unai Otaño ibartarrak eta Joseba Otaegi zizurkildarrak osaturiko bikotea izan da Urrezko Aizkorako finalerako sailkatu den lehena. Herenegun itzulerako finalerdia jokatu zuten, eta oso erraz hartu zituzten mendean aurkariak.
Atutxak eta Mugertzak irabazi zuten lehen proba, 45 ontzakoarekin bi kolpeko aldea atereaz. Bigarren saioan, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, bakoitzak enbor bat, eta Otaegi eta Otaño gehiago izan ziren. Hirugarren lanean, berriz, zutik jarrita kana-erdiko bat bota behar izan zuten, eta Otaegik eta Otañok aldea gehitu egin zuten, enborra minutu eta 48 segundoan amaitu baitzuten, eta 24 segundoko tartea lortu zuten.
Laugarren ekinaldian, bi kana-erdiko ebaki behar zituzten, eta Atutxak eta Mugertzak irabazi zuten, nahiz eta atzetik jarraitzen zuten orokorrean. Saioa bosgarren lanean erabaki zen. Hor bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta kana-erdiko bat etzanda jarrita ebaki behar zuten. Otañok eta Otaegik alde handiarekin irabazi zuten, eta azken proban ere gehiago izan ziren egungo txapeldunak. Sailkapen orokorrean ia hiru minutuko aldea atera zieten eskualdeko aizkolariek Atutxa eta Mugertzari.