Txantxoen alaitasuna Txindokipean

Ataria 2013ko otsailaren 11

Ederki alaitu dute aurten ere txantxoek euren umorearekin Abaltzisketa. Urtero moduan, zortzi dantzariz, bi mozorroz eta soinu joleaz osaturiko taldea abiatu zen atzo, goizean goiz, baserriz baserri eskean aritzeko helburuarekin.

Orendainerako bidean dauden baserrietara joan ziren lehendabizi, eta haietan dantza saioak egin ostean, herriko plazara itzuli ziren. Han dantzatu, plazaren inguruko baserrietara joan, eta Larraitz aldean jarraitu zuten.

Umore onak lagundurik goiz polita igaro zuten txantxoek, eta eguna biribiltzeko mahaiaren bueltan bildu ziren denak. Baserriz baserri eskainitako makil dantzen eskertza moduan jasotakoarekin jan edan ederra egin zuten.

Amezketa aldean ere makil dantzaren doinuak zabaldu ziren atzokoan, bertako talaiak ere eskean aritu baitziren. Hauena, baina, bi eguneko inauteriak izaki, gaur ere irtengo dira dantzara, eta atzo bisitatu ez zituzten etxeetan izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!