Amezketako talai dantzariak, iaz.[/caption]
Tolosako inauterien sona gure eskualdeaz haratago doa, baina badira gurean tradizio eta historia luzeko inauteriak ere. Landa eremuko inauterietan zintzarriak, koloreak eta dantzaren desfileak egiten dituzte, soroz soro edo baserriz baserri. Helburu edo esanahi zehatzik izan ez arren, antza, lurraren emankortasuna dute xede ospakizun hauek. Gurean, Abaltzisketan eta Amezketan ditugu inauteri hauen eredu.
Batean zein bestean, mozorroturiko herritar talde bat aritzen da, musikaz eta umore onaz lagundurik, dantzan, baserriz baserri, puska biltzen edota eskean.
Abaltzisketaren kasuan, gaur aterako dira txantxoak. Zortzi dantzariz, soinujoleaz eta bi mozorroz osaturiko taldea igaroko da herriko baserrietatik barrena. Txantxoek bikoteka dantzatzen dute, alkandora eta galtza zuriak eramaten dituzte jantzita, txapela gorria borla zuriekin buruan, gorbata beltza eta bi ezkon-mantoi koloretsuak sorbaldetan.
Mozorroaren pertsonaia bat mahoizko galtzekin, alkandora zuriarekin, blusa beltzarekin, abarkekin eta txapela beltzarekin janzten da. Arpegia margotuta eramaten du ezagutu ez dezaten, eta saskia makil bati loturik izaten du, puskak biltzeko. Beste mozorroa garbitzailea da. Aurrekoaren janzkera bera darama, eta bere egitekoa etxeko ataria garbitzea izan ohi da.
Amezketan, bi egunez
Baserriz baserri egiten duten dantza makil dantza erraz bat izaten da, bi makila txiki eskuetan dituztela bikoteka egiten dutena. Amezketako talai dantzarien musika bera erabiltzen dute, baina amezketarren kasuan, arinagoa da. Musikaz gain, dantza ere bestelakoa da, eta horrez gain, bada beste aldaketarik, Amezketako talai dantzariak bi egunez irtengo baitira eskean, gaur eta bihar.
Hemen ere, zortzi lagunez osaturiko taldea aritzen da dantzan, eta Abaltzisketan denak mutilak badira, Amezketan neskek nahiz mutilek hartzen dute parte. Talai dantzariek mahoizko galtzak, alkandora zuria, gerriko eta txapela beltzak, abarkak eta lepoko koloretsua daramate soinean. Taldearekin batera eskerako poltsa eramaten duena eta soinu jolea ere izaten da.
Oso bereziak dira gaurkoa eta biharko eguna bi herrietan, bai dantzan eta eskean ariko direnentzat, bai eta igaroko diren baserrietako jabeentzat ere.
ABALTZISKETA
Otsailak 10, igandea.
08:00: Dantzariak, bi mozorroak eta soinu-jotzailea elkartuko dira, eta Orendain aldean dauden baserriak zeharkatuko dituzte.
10:30: Elizaren aurrean Makil Txiki dantza eskainiko dute.
13:00: Makilen talaia zabalduko dute Txindokipean; mezatik ateratzen diren guztiei dantza egingo diete, eta ondoren, Larraitz aldeko baserrietara joko dute.
AMEZKETA
Otsailak 10, igandea.
8:00: Herriko plazan bilduko dira, eta puska biltzen hasiko dira baserriz baserri. Zortzi lagunez osaturiko bi taldetan banatuko dira: lehen taldekoek, Sakelatik abiatuta, Ugarten dantzatuko dute, eta Zubillaga auzora joango dira. Bigarren taldekoak, Petxunetik abiatuta, Zubillaga auzora joango dira dantzatzera. Zubillagako bidegurutzean, bi taldeak elkartuko dira eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte. Azken dantzak Ergonen egingo dituzte.
Otsailak 11, astelehena.
08:00: Plazan elkartuko dira, eta bi taldetan banatuta, geratzen diren baserrietara eta Bedaio eta San Martin aldekoetara joango dira. Lehen taldea Ugartetik Iparretxiki baserrira joango da, eta bigarrena, berriz, Liola aldetik gerturatuko da Iparretxiki baserrira. Bertan elkartuko dira dantzari guztiak, eta elkarrekin, inauterietako azken dantza saioa eskainiko dute.
Jokin Artola Amezketako talai dantzaren antolaketa taldeko kidea
«Tradizioari jarraipena emateko ez dago arazorik, gazte asko baitator»
Jokin Artolak gertu gertutik ezagutzen du talai dantza. Oso gazte zelarik hasi zen, eta oraindik jarraitzen du gaurko eta biharko egunez makil dantza eskainiz baserriz baserri. Azken urteetan herritar gazte ugarik nahi duela parte hartu nabarmendu du.
Zenbagarren aldiz aterako zara makil dantza egitera?
16 urterekin hasi nintzen, eta aurten hamaikagarren urtea dut. Taldeko beteranoena naiz. Oso gustura aritzen naiz eta oso ongi pasatzen dugu, horregatik errepikatzen dut urtero.
Nolatan hasi zinen?
Lagunen batek esan zidan, eta animatu egin nintzen. Gaztetxoa zarenean zu baino helduagoekin joateak ere asko erakartzen du, ilusioa egiten du.
Urte batean parte hartu, eta orain ezin utzi.
Urte batean probatzen duenak, normalean hurrengo urtean errepikatu egiten du. Gero, urte ugari daramatzatenek errelebua hartu ohi dute, gazteagoei lekukoa emanez.
Zer nabarmenduko zenuke talai dantzez?
Giro berezia sortzen da baserrietan hamaiketakoa edo salda edo kafea ematen digutenean eta eurekin kontutan aritzen garenean.
Oso gustura hartzen dute zuen bisita.
Bai. Gu noiz ailegatuko itxaroten egoten dira. Baserri askotan jende heldua dago, herrira nekez jeisten dena, eta asko eskertzen dute gure bisita.
Nola prestatzen duzue gaurko eta biharko eguna?
Entsegu bat egiten dugu dantzak ikasteko. Dantza dakitenak ez dakitenekin jartzen dira, eta horrela ikasten dute. Aurten, esaterako, estreinako aldia zuten bost gazte azaldu dira.
Herrian nola zabaltzen duzue talai dantzan parte hartzeko mezua?
Kartelak jartzen ditugu, eta ahoz aho ere zabaltzen dugu. Horrez gain, Gaztelekuko hezitzaileek ere animatu dituzte gazteak parte hartzera.
Erraza al da gazteak animatzea?
Aurten ere jendea parte hartzeko gogoz dagoela nabaritu dugu. Xarma berezia sortzen du talai dantzak, eta erraza da gazteak erakartzea, izan ere, umore onean igarotzen da eguna, dantzak ez du batere zailtasunik eta baserrietan biltzen dugun diruarekin afaria egiten dugu. Osagai politak dira gazteak animatzeko.
Talai dantzen jarraipena, beraz, ziurtaturik dago.
Urte batzuetan beldurrez egon gara, jende gutxiago animatzen zelako, baina azken urteetan gazte askok nahi dute parte hartu, beraz, oso pozik gaude.
Amezketako ia baserri guztietan makil dantza egiteko nola antolatzen zarete?
Taldeka banatzen gara. Badira gaur eta bihar dantzatuko dutenak, eta beste batzuk egun bakarrean, igandean ala astelehenean egiten dute. Gu iganderako, gaurko, 16 lagun elkartzen saiatzen gara, eta horrela bi talde egiten ditugu. Talde bat Ugarte auzora joaten da, eta bestea Petxunetik Zubillaga auzora. Bi taldeak Jauregiaundi inguruan elkartzen dira, eta azken dantzak elkarrekin egiten dituzte.
Neskez nahiz mutilez osaturiko taldeak izan daitezke.
Bai. Garai batean mutilek dantzatzen zuten, baina talai dantzak berreskuratu zirenean neskek nahiz mutilek dantzatzeko aukera zabaldu zen. Kontua da, gaur egun, mutil gehiago garela neska baino, azken urteetan neska gutxi animatzen direlako.