Iritsi da azkenean Ostegun Gizena, eta baita zezen plazara joateko lehen eguna ere. Zeresana eman duen gaia izan da txarangekin batera zezen plaza barrura sartzeko gonbidapenak banatzea. 140 banatu dira zezen plazan ikuskizunak dauden egun bakoitzeko, baina atzokoan guztira hogei lagun inguru animatu ziren zezen plazari itzulia ematera.
Mikel Arreseigor zinegotziak azaldu duenez, «ziurrenik eguraldiagatik ez da jende gehiago animatu parte hartzera». Zezen plazara sartzeko unean arazorik ez dela izan gaineratu du Arreseigorrek. Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan jende gehiago animatuko dela uste du zinegotziak: «Mozorrotuta egonik baliteke jende gehiagok parte hartzea. Ikusi beharko da eguraldia ere nolakoa etortzen den».
Hiru txaranga eta konpartsa izan ziren zezen plazako itzulian: Pintxana txaranga, On Ostegun Gizen konpartsa bere txarangarekin, eta Kabi Alai elkarteko txaranga eta korporazioa. Hauek denak iristerako zezen plazako harmailak beteta zeuden.