Ostegun Gizenarekin batera Tolosan inauteriak lehertu ziren atzokoan. Jaiak, ordea, inguruko herriak ere ukitu zituen, eta eskualdeko hainbat herritako ikastetxeetan inauteriak ospatu zituzten Ostegun Gizenean. Amasa-Villabonan ikastetxe guztiek bat egin zuten, jaialdi bateratu bat eginaz. Berrobin eta Ibarran ere ikastetxeetako haurrak mozorroturik igaro zuten goiza, jai giroan. Lehen herrian, unibertsoaren gaia landu zuten: zientifikoak, martzianoak, astronautak, asteroide artifizialak...
Anoetan ospakizunak herenegun egin zituzten. Kiroldegia txiki gelditu zen, Bioaniztasunaren inguruan eginiko jaialdia ikustera herritar ugari gerturatu baitzen.
Fraisoro zentroan, urteroko ohiturari heldu zioten atzokoan. Bertako egoiliarrek San Millan eskolako 25 haurren bisita izan zuten, eta guztien artean, inauteriak ospatu zituzten. Ohiko txistorra dastatu ondoren, txarangaren doinuekin dantzan girotu zuten eguneko zentroa. Bisitaren helburua, belaunaldien arteko harremana lantzea izan zela azaldu dute Matia Fundaziotik. Horrez gain, San Millan eta Fraisororen arteko ekimen bat gehiago izan zela azaldu dute, izan ere, urtean zehar beste hainbat ekimen egiten dituzte elkarlanean, Fraisorok eta San Millanek.
Gaur, Zizurkilen eta Asteasun
Asteasun inauteriak gaur arratsaldean ospatuko dituzte, 15:15etik aurrera. Lehenik eta behin, ikastetxetik herrira jaitsiko dira kalejiran, plazan merienda egiteko asmoz. 17:00etan kalejirari berrekingo diote, txarangaren laguntzarekin. Ondoren, zezen suzkoaz gozatzeko aukera egongo da.
Zizurkilen herriko hiru ikastetxeek bat egingo dute, eta 15:00etako desfilean, plazarantz abiatuko dira. Bertan, emanaldia eskainiko diete gerturatzen diren guztiei. Eguraldi txarra egingo balu, Pedro Mari Otaño ikastetxera joango lirateke.