Gasteizen lan egiten du Jokin Azkuek (Asteasu, 1961), Eusko Jaurlaritzako euskararen promozio zuzendari karguan. Horrez gain, EAJren Tolosako zinegotzia da. Eskualdeko egoera ekonomikoaz hitz egitean, eta zehazki, zer egin daitekeen aztertzean, teoria adibide praktikoekin azaltzen du, ekintza gizona dela agerian utziz.
ELAren eta LABen eskualdeko ordezkariek, etorkizunera begirako plan estrategiko baten beharra aldarrikatu dute. Eskari hori nola ikusten duzue EAJtik?
Plan estrategiko bat egitea guri ez zaigu gaizki iruditzen, baina askoz gehiago egin behar dela uste dugu. Lehendik ere egin izan dira horrelakoak, nahiz eta plan estrategiaren izena ez eduki. Jarduera ekonomikoaren ikuspegitik, Tolosa eta Tolosaldea nola ikusten diren egina dago. Azkenekoa, Deloittek amaitu zuen duela bizpahiru urte.
Gehiago egin behar dela aipatu duzu. Zehazterik bai?
Tolosaldean zer eratako jarduera nahiko genukeen guk erabaki behar dugula dio zenbaitek. Ideia hori ez da baztertu behar, alderantziz, hor eduki behar da, baina gaur egun ez dut uste hori erabakitzeko baldintzetan gaudenik. Gehiago egin dezakegu, bai, hainbat hutsune eta ahuleziari aurre egiteko bidea badugula uste baitut.
Nondik hasi beharko litzateke?
Enpresa mailan, eskualdea nola dagoen ondo ezagutu beharko genuke. Deloittek egin zuen lan hartan, alde batetik, Tolosaldean lantegi txikiak gehiengoa zirela ikusten zen; maila altuko edo kualifikazio altuko lantegiak. Bestetik, etorkizunari begira, ez zen ikusten CAF edo Indar bezalako enpresa handi baten etorrera posible izango litzatekeenik.
Zergatik?
Gaur egun oso zaila da horrelakorik gertatzea, baina gertatuko balitz hobe. Enpresa handi horiek beste lekuetan lur zoru merkeagoak dituzte, edo agian, hemengo langileen hitzarmenak ez dira euren prezioekin ezkontzen. Globalizazioak ekarri duen kalte hori, hona ere etorri da.
Gauzak horrela, etorkizunari begira, nondik jotzen zuen Deloitteren ikerketa lanak?
Planteamendua ondorengoa zen: eskualdeko lantegi txiki horiek indartzea, eta enpresa handientzako zerbitzuak prestatzea, eta eskaintzea.
Etorkizunera begirako lanketa horretan, Ibai Iriartek, Tolosaldea Garatzeneko lehendakari gisa, aurrera begirako ildoak lantzen ari direla esan zuen, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikerketa taldearekin. Guztien parte hartzea beharko dela ere esan zuen.
Era horretan egin litezkeen esfortzuak interesgarriak direla uste dugu, hori ezin da ukatu. Diagnostiko partekatu bat egin beharko litzatekeela uste dugu.
Noren artean?
Sektore guztien artean. Diagnosi horretan enpresariek egon beharko lukete, orain artekoa baino parte hartze handiagoa izan beharko lukete gainera. Nire ustez ekarpen interesgarriak egingo lituzkete. Enpresariek zein langileek egon behar dute; Tolosaldeko ostalariek eta merkatariek; alderdi politiko guztiek eta, noski, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, horiek ere enplegu planak dituztelako.
Eta orduan hasiko zineten diagnosi partekatua egiten.
Tolosaldearen ondoan Goierri, Donostialdea eta Bidasoaldea daude; trakzio handiko eskualdeak. Gerta liteke Tolosaldeak ikuspegia zabaldu behar izatea, gero bere lekua topatzeko.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Lehen aipatutako eragileekin batera, eskualdetik kanpoko beste hainbatek ere agian parte hartu beharko luketela. Zehazte aldera adibide bat jarriko dut: guri komeni al zaigu Tolosaldearen inguruan CAF-ek edo Indarrek izan dezaketen ikuspegia ezagutzea?
Zer uste duzu zuk?
Agian, euren erantzunarekin harrituta geldituko ginateke. Tolosaldeko zenbat langilek egiten dute bertan lan, zenbat hornitzaile dituzte... Guk hori guztia entzun egin beharra daukagu, eta berdin Donostialdearekin, edo Bidasoaldearekin. Donostiako turismoa hor dago, hara joaten diren asko etortzen dira gero Tolosara. Horrek merkataritza eta ostalaritza aktibatzen ditu. Finean, gauza asko daude lotu beharrekoak, eta iruditzen zaigu, gure inguruko eskualdeen parte hartzearekin kontatu behar dugula, bereziki, hegoaldean eta iparraldean ditugunekin.
Teoria hori praktikan jartzea noren ardura izango litzateke?
Gure ustetan Tolosaldea Garatzenek egin beharko luke, Lehiberri programaren barruan.
Egungo egoera honen beste argazkia langabezia datuak dira. Udal zinegotzia zaren heinean, zerbait egin al daiteke udaletatik enplegua sustatzeko?
Egia da udalek ezer gutxi egin dezaketela, baina egiten al dugu egin genezakeen guztia? Niri ezetz iruditzen zait. Saiakera berezia egin beharko litzatekeela uste dut. Udalean, gauza asko egiteko dituzunez, eguneroko zurrunbiloan erortzen zara, eta ez zara buru belarri gauza batean jartzen.
Eta saiakera berezia hori izango litzateke, ezta?
Nola sor dezakegu lanpostu bat? Hori galdetu eta horretan jartzea. Enpresariak, sindikatuak, alderdiak,... horretan jartzea. Lantalde bat sortu beharko litzateke, eta gero, pertsona bat guzti horri jarraipena egiteko. Adibide zehatz bat jartzeagatik: ezin al dugu Zumardiaundin dagoen taberna txiki hura funtzionatzeko moduan jarri? Edo zer gertatzen da lokal hutsekin?
Zer egin beharko litzateke?
Ideiak dituenari lagundu egin behar zaio. Udalak lokal edo bulego hutsak baldin baditu, zergatik ez utzi doan nolabaiteko erabilera emateko? Larrialdi egoeran gaude, eta udalek lanpostuak sortzeko baliabideak erraztu beharko lituzkete, eskura dituen azpiegiturak utziz; egiten dugun guztia gutxi izango baita.
Hemendik urtebetera, elkarrizketa batean oraindik ez zaretela elkartu esaten baduzu, zer pentsatu behar dugu?
Nik uste elkartuko garela. Beraiei esan eta baiezkoa esan ziguten, nahiz eta oraindik ez dugun bilerarik egin. Guk EAJ bezala Tolosaldea Garatzenen egotea planteatzen genuen, Bildu bakarrik ez egotea, orain dauden bezala, beste alderdiok ere ekarpenak egiteko. Hor erantzukizuna beraiek dutela iruditzen zait; guk eskatu egiten dugu, ez daukanak hori egin behar baitu, eta daukanak ikusi behar du ematen duen edo ez. Izugarrizko lanpostu pila ezin ditugula sortu jakinik, tristea izango litzateke gutxieneko adostasun batetara ez iristea; gizarteari begira, eta tolosarrei begira, irudi txarra emango genukeelakoan nago.