18. Korrika jarraitzeko mugikorretarako aplikazioa, prest

Ataria 2013ko otsailaren 7a

18. Korrikako arduradunek hiru zatitan banatutako mugikorrentzako aplikazioa aurkeztu dute. Beraien webgunean (www.korrika.org) jaitsi daiteke eta hiru aukera ematen ditu: Korrikaren webgunean dagoen agenda kontsultatu; Korrikaren egoera ikusi, hau da, korrikalariak herri jakin batetik noiz pasako diren jakin ahal da; eta ibilbidearen mapa ere hor egongo da, erabiltzailea non dagoen eta Korrika non dagoen ikusiz. Joko bat ere egin du Akting enpresak.

Transmedian parte hartu duten hainbat kide Edurne Brouardekin.

 

Mugikorretarako aplikazioa Korrika transmedia elkarlanaren aurkezpenean eman zuten jakitera, atzo. Bertan EHUko Multimedia masterreko ikasleekin elkarlanean hainbat proiektu gauzatu dituztela azaldu zuten, hala nola, suspentse bideo bat. Era berean, duela bi Korrika egin bezala ETB 3k egunero saio berezia egingo du eta Hamaika Telebistan ere gunero egingo dute saio berezi bat. Hamaikako Naroa Iturrik esan zuenez, elkarrizketa bereziak, Korrikaren bitxikeriak eta abar ikusi ahal izango dira. Bigarren aldiz egingo dute Hamaikan eguneroko saio berezia.

Ibilbidea

Transmediaren aurkezpenarekin batera, ibilbidearen nondik norakoak zehaztu zituzten, atzo. Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzak pasa den astean aurreratu moduan, Korrika Tolosaldetik hasten den egunean bertan, martxoaren 14an, pasako da. Andoain atzean utzi, eta Aduna (17:09) izango da zapaltzen duen bigarren herria, eta hortik Villabona (17:33), Irura (17:46), Anoeta (17:59), Tolosa (18:11), Ibarra (18:43), Alegia (19:07) eta Ikaztegieta (19:52) atzean utzita sartuko da Goierrira. 18. Korrika ez da Leitzatik eta Aresotik pasako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!