«Inauterietan ere ez dugu aitzakiarik, euskara ahora ez eramateko»

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 6a, 11:03

Aurkeztu dute Kilometroak 2013ko abestia, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean

Naiara Mintegia, Unai Igartua, Arantxa Manterola, Xabier Zeberio, Juantxo Arakama eta Mikel Zelaia, kantuaren aurkezpenean.

Euskara bihotz eta burutik ahora eramateko aitzakiarik ez dela aldarrikatu dute, beste behin, 2013ko Kilometroetako antolatzaileek. Laskorain ikastolako ordezkariek Ahora! abestia aurkeztu dute, horrela, Euskal Herri osoan zabal dadin.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian, abestiaren sortze prozesuan parte hartu duten Xabier Zeberio, Juantxo Arakama, Mikel Zelaia eta Naiara Mintegia izan dira, eta baita Kilometroak kultur elkarteko lehendakari Arantxa Manterola eta Tolosako Kilometroak 2013ko Unai Igartua koordinatzailea ere.

Pasa den asteburuan, labetik atera berri, Tolosako tabernetan entzungai izan zen jada, Ahora! leloari lagunduko dion doinua. Honen harira, Arantxa Manterolak kantua otsailean plazaratu izana azpimarratu du: «Laskorain ikastola ziztu bizian ari da lanean, Kilometroak jaia antolatzen, normalean aurkezpen hau maiatzean edo ekainean egiten baitugu». Bide honetan, gainerakoa ere oso ondo prestatuta izango dutela esanez, datorren urrian izango den Kilometroak jaia berrikuntzez betea etorriko dela aurreratu du Manterolak.

Berrikuntza hauek, besteak beste, ibilbideari lotuak izango dira, Unai Igartua koordinatzaileak azaldu duenez: «Kilometroak eguna bera irauli nahi dugu nolabait, eta zirkuitua dinamikoago egin, gazteei begirako jarduera parte hartzaileak antolatuz». Dena den, honen inguruko informazioa aurrerago emango dutela zehaztu du.

Izan ere, kantua bera otsailerako esku artean izatea, berrikuntza nabarmentzat jo du Unai Igartuak: «Abestia antolakuntzako puntu garrantzitsuetako bat izaten da, eta aurten inoiz baino lehenago plazaratu dugu; Tolosako Inauteriak Euskal Herri osoan ezagunak dira, eta aukera ona iruditu zaigu, abestiak oihartzuna izan dezan.

Tolosatik Euskal Herrira

«Tolosarrok badakigu, gure urtea inauterien arabera antolatzen dugula: inauterien aurretik hau, edo inauterien ondoren bestea…  Beraz, inauteriak oso egun egokiak iruditu zitzaizkigun abestiari indarra emateko», azaldu du Xabier Zeberiok: «Hasiera batean zaila zirudien, baina lortu dugu».

Ekoizpen musikalaren arduraduna izan da bera, eta Kilometroetako kantua egiten parte hartzea «ohore handia» izan da Zeberiorentzat.

Horrela, hasiera-hasieratik, kantua osatzeko batzordeak, zenbait irizpide garbi izan zituela azpimarratu du musikariak.

Batetik, kantua Tolosan bertan sortua izatea irizpideetako bat izan da, bertan musika munduko jende asko baitago. Era berean, gazte jendeari tarte bat eman nahi izan diote, eskarmentudun musikariengana jo aurretik; belaunaldi berriei aukera bat emanez. Azkenik, Laskorain ikastolak abestian presentzia izatea lehentasunezko irizpidetzat hartu dute, eta hain zuzen ere horregatik, Lask abesbatzak nahiz hainbat ikasle ohik parte hartu dute grabaketan.

Tolosatik, beraz, eta tolosar, euskal herritar nahiz kanpotarrentzat sortu dute, bi hilabetez landu eta Bonbereneako estudioan grabatutako abestia: «Nik asko ikasi dut gazte hauekin, izugarrizko indarra baitute, eta oso esperientzia aberasgarria izan da, plazera izan da», azaldu du Xabier Zeberiok.

Elkarlanean eta jende askoren artean osatutako abestia da, beraz, aurtengo Kilometroak festakoa. Mikel Zelaiak eta Jokin Albisuak sortu dute doinua, eta hitzak eta ahotsa, berriz, Juantxo Arakamarenak dira. Soinu teknikari lanetan, Karlos Osinaga Txap aritu da, eta parte hartzaileek bereziki nabarmendu dute bere lana, «hainbeste jenderen lana abesti batean ederki uztartu duelako; ez zen erronka makala».

Hauez guztiez gain, Bonberenea Txarangak, Alos Quartet-ek, Lask abesbatzak, Imanol Ubedak, Natalia Humusek, Jone Otxoak, Aritz Mendietak nahiz Pirritx eta Porrotxek beren alea jarri dute.

Bonberenea txarangako kideak grabaketan.

Juantxo Arakama Ahora! abestia grabatzen.

Lask abesbatza ere Bonbereneako estudioan aritu zen lanean.

Lan talde baten erronka

Euskaraz sendatzen da euskararen gabezia, hala dio Juantxo Arakamak sortutako kantuaren letrak. Eta Tolosako kaleetako hikuntza-egoera izan du, berak, sormenerako iturri: «Leloaren nondik norakoak eman zizkiguten kantua egiteko, eta horrekin bat eginez, Tolosan nahiz beste hainbat lekutan, euskaraz jakin arren gaztelaniara salto egiteko dagoen joera hori, akats hori, zuzendu egin behar dela pentsatu nuen. Letrak gordinki azaltzen du hori».

Erronka handia izan da, Arakamarentzat, «abesti honekin zabaldu nahi den mezuari hitzak jartzea», eta baita txaranga nahiz harizko laukote batekin elkarlanean aritzea ere. Horrela, bat dator doinuaren egileetako bat den Mikel Zelaiarekin: «Kantua betiko ildotik aldendu egin da pixka bat, eta txarangak ere bere ohiko erregistroak aldatu behar izan ditu. Gainera, rap-reggaea, abesbatza, txaranga nahiz orkestra uztartzea lortu dute guztiek. Oso gustura gaude», azaldu du Zelaiak.

Ahora! leloa musikaren bidez zabaltzeko erronka honi, berriz, ilusioz heldu diote Lask abesbatzako zuzendari Naiara Mintegiak, eta baita abesbatzako gaztetxoek ere: «Gogo handiz aritu gara lanean, eta oso aberasgarria izan da».

Lan honen guztiaren ondoren, sare sozialetan nahiz tabernetan entzungai dago jada kantua, eta http://www.kilometroak.net webgunetik ere jaitsi daiteke.

Honekin batera, gainera, Unai Igartuak, inauteriak euskaraz bizitzeko deia egin du agerraldian, eta Euskal Herria plazan jarri duten Kilometroetako taberna nahiz jantokia gogora ekarri du. Bide beretik, Amasa-Villabonako Jesusen Bihotza ikastolak, Laskorain ikastolari antolakuntzan laguntzeko proposamena egin die herritarrei, eta http://www.jesusenbihotzaikastola.com atarian izena eman ahal izango dute billabonatarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!