Osasuntsu egoteko gakoa, amonen esku

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko ots. 6a, 08:01

Tolosako inauteriak iristear diren honetan, askok behar baino gehiago edango dute edo elikadurari ez diote erreparatuko. Guztiari aurre egiteko senda belarrak erabili ahal dira, azeri buztana, osina edo kardabera, adibidez.

Inguruko belarrek dohain asko dituzte, baina garrantzitsuena nola eta noiz erabili behar diren jakitea da, eta baita neurria hartzea ere. Hori da, hain justu, bere burua Oiartzungo Xabi huts batekin aurkezten duen senda belarren jarraitzaile sutsuak bere hitzaldietan azaltzen duena. Pasa den larunbatean egon zen Orendainen, eta bertan 15 bat pertsona izan ziren, gazte zein heldu.

Oiartzungo Xabik Orendainen eman zuen hitzaldian[/caption]

 

Senda belarren inguruko azalpenak ematen hasi aurretik, ematen dituen argibideak beti «amonen gidaritzapean» ematen dituela dio. «Gure amonak dira jakinduria hori guztia gordetzen dutenak. Eta hortik abiatzen naiz. Era berean, ‘normala’ zer den eta zer ez den, zer den gaitza, alegia, jakin behar dela gogoratzen dut. Arazoari garaiz heltzea ere oso garrantzitsua dela ere esaten dut. Lasaitasuna behar da, zergatiak jakin behar dira... eta hori ez digute behin ere esaten», esan du.

Zentzu honetan, gehiegikeriak egiten direnean, gehiegi jan edo edan esaterako, bihar hasiko diren inauterietan askok egingo duten moduan, gorputzari lasai utzi behar zaiola dio. «Gure organoei eragindako kaltetik osatzen lagun behar zaie, eta baraualdia, edo gutxiago jatea behintzat, oso baliagarria izan daiteke», esan du. Era berean, azeri buztana, osina eta txikori belarra (edo kardabera) ere onak izan daitezkeela dio. «Baina hoberena baraualdia egitea da», nabarmendu du.

«Funtsezkoena, dena den, gu eta lurra gauza bera garela jakitea da», esan du Xabik. Hau da, lurrari on egiten dionak gizakiari ere on egingo dio bere hitzetan. Eta horregatik senda belarrez baino, naturak ematen duenaz hitz egitea du gustuko; «esaterako, ura eta lurra, buztina, lur bizia da, eta erreka bazterreko lohi naturalak oso onak dira gorputzarentzako».

Garaian garaikoa jatea

Senda belarrak dira Xabiren ustez, benetako sendagaiak, eta oso garrantzitsua da naturak garai bakoitzean ematen duena hartzea: «Ezinbestekoa baita garaian garaikoa jatea, lurrak ematen diguna».

Gizartean dauden ideia asko baztertu eta bide berrietara ere ireki beharraz hitz egin du oiartzuarrak: «Aukera berriak eman behar dira. Letxuga edo kardabera (txikori belarra), esaterako, ez dira konparagarriak. Kardaberak osasunerako bizi osagai oso onak ditu; bitaminak, mineralak... ezin da bata eta bestearen artean konparatu, eta jendeak ez daki. Zergatik ez egin entsalada kardaberarkin?».

Baina nola jakin hori? «Nik amonen jakinduriaz edan dut dakidana jakiteko, eta jendeak ere gauza bera egin behar duela uste dut: amonei galdetu», gaineratu du. Izan ere, Oiartzungoaren ustez, etorkizuna galderak egitea da, «esperimentatzen joatea». «Nik erantzun batzuk ditut; senda belar hau zertarako erabili daitekeen, edo beste horren erabilpena... baina etorkizuna galderak egin eta probak egitea da». Horrela animatu nahi du jendea senda belarren inguruan beldurrak uxatu eta hauek erabiltzen hastera, horretarako inguruan galdetuz«gu eguneroko jana eta edana gara, zer, noiz eta nola hartu behar dugun jakitean dago gakoa».

Neguko senda belarren inguruan galdetuta, orain txerri belarra ateratzen ari dela dio. Erreka bazter guztietan dago, baina jendea konturatu ere ez dela egiten. «Hezetasuna du gustuko eta horregatik egoten da erreka bazterretan. Ura gertu izaten du beti. Ukendu bat egin daiteke hezurretako minarentzat edota zirkulazio txarreko kontuentzat. Digestio txarrerako, gibelak behar adina lan egiten ez badu edo giltzurrunak ez direnean behar bezala aritzen ere lagungarria da», esan du.

Osina ere nabarmendu du, honek ere mineral eta bitamina asko dituelako, eta uste txarrak atzean uzteko eskatu. «Beti entzun dudana izan da osinarekin kontuz ibili behar dela odola mehetzen duelako. Baina Maria izeneko amonak esan moduan, dena neurrian da ona. Neurria hartzeko gutxitik gehiagora hartzen joan behar gara, eta beharra ez badugu, ondo bagaude, probatzen joan gaitezke. Osina jangarria da eta baina bitaminak ez galtzeko beratzen jarri behar da, sua ez da erabili behar».

Senda belarrak hartzeko moduen inguruan ere usteak atzean uzteko esan du. Askotan ukendura jotzen da, baina badaude beste modu batzuk ere: «Erre, bainu bat hartu, lehortu zorro batean sartu eta ondoan utzi arnasatik hartzen joateko...». Fama txarra duten belarren artean alka aipatu du, eta ados ez dagoela esan: «Txakurrek eta katuek jaten dute eta? nola izango da txarra! baina egia da, bortitza da, ebaki egiten du, eta beraz, zenbat jan behar den kontrolatu behar da».

Xabik orain miura belarrarekin bueltaka ari dela onartu du bukatzeko, mota asko daudela eta oso ona da odol presioa jaisteko edota bihotzeko erritmoa egokitzen laguntzeko baliagarria dela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!