Ibarrako Gaztetxeak 20 urte bete ditu, eta Gazte Asanbladak urteurren hori era berezian ospatu nahi du. Hala, urte osora hedatuko diren ekitaldiez gozatzeko aukera izango da, ekitaldi nagusia, urteurreneko festa, apirilean izango delarik.
Ibarrako Gazte Asanbladatik azaldu dutenez, «erronka» moduan hartu dute urteurrena: «Urtero antolatu ohi ditugu ekitaldiak, baina kasu honetan, gaztetxearentzat urte berezia dela kontuan hartuta, bizi gehiago eman nahi izan diogu, egitarau zabalagoa prestatuz».
Egitarauari iragan larunbatean eman zitzaion hasiera, hiru kontzerturekin. Hurrengo hitzordua, berriz, datorren igandean izango dute. Urtero moduan Tolosako Inauterietara joango dira mozorroturik. Bestalde, otsailaren 15erako Aktibo toxikoa antzezlana aurreikusi dute, 19:31ean. «Patxi Santamaria aktore zarauztarra igoko da taula gainera, eta krisiaren inguruko umorezko bakarrizketa modukoa egingo du, dantza, mimoa edo klowna uztartuz».
Martxorako Subegi elkartearekin batera elkarlanean festa egun bat antolatu dute, eta apirilerako aurreikusi dute 20. urteurrena ospatzeko jaia. «Seguruenik bazkari bat egingo dugu, gaztetxetik igaro diren belaunaldi guztiak elkartuz, eta zuzeneko musika ere izango da», adierazi dute Gazte Asanbladatik. Gainerakoan, hilabetero izango dira ekitaldiak.
Gazteen topagune
Egun, 16 eta 22 urte bitarteko 20 lagun inguruk hartzen dute parte Ibarrako Gaztetxearen eguneroko jardunean. Gazte Asanbladatik diotenez, «herriko gazteak biltzeko, kezken eta arazoen inguruan hitz egiteko eta mugiarazteko gune bezala sortu zen». «Oso garrantzitsutzat» dute gaztetxea Ibarran, eta agian hura gabe gazteek Tolosara joan beharko luketela uste dute. Bada, gazteen topaleku izateaz gain, herriari bizia ematen diola nabarmentzen dute, «asko baitira urtean zehar antolatzen diren ekintza alternatiboak».
Belaunaldi helduagoek lekukoa ematen diete ondorengoei, eta azaldu dutenaren arabera gazteagoak ere gerturatzen ari dira, beraz, «herrian badago jarraitzeko prest dagoen jendea».
Aurrera begira, berriz, «gogotsu» daude, eta aurten urteurrenaren harira hartuko duten dinamikarekin jarraitzea da euren asmoa. «Guztia aurreikusi bezain ondo joatea, eta bide beretik jarraituz gaztetxea urtetik urtera bizirik mantentzea da guztion helburua eta nahia».