Areson, Berastegin eta Lizartzan inauteriak ospatu dituzte asteburuan. Imajinazioa nagusitu da hiru herri hauetan, diruaren gainetik, eta giroa ere ederra izan da. Larunbatean, eguraldiak jaiarekin bat egin zuen, mozorro desberdinak jantziaz: Eguzkia, haizea, euria, kazkabarra, tximistak, trumoiak... armairuan elurra bakarrik utzi zuen. Berastegin haurren jaialdia hastear zegoenean, tximistak frontoiko argia itzali zuen, haurren dantzei emozioa gehituaz.
Areson herrian barrena ibili ziren traktore eta guzti haur, gazte eta gurasoak, larunbatean. Herritarrek prestatutako antzerkia ikusteko aukera ere izan zuten. Igandean, azken egunean, bertso bazkaria egin zuten aresoarrek.
Lizartzan, omenaldia
Inauteriak oso giro onean igaro dituztela aipatu dute lizartzarrek. Larunbatean, dantzari eta txantxoak ibili ziren, giro jatorrean. Bereziki dantzariek erakutsitako maila eta festa giroa azpimarratu dituzte Lizartzatik. Herritarren parte hartzea ere zabala izan dela esan dute: «Mozorro eta gurdi konpartsa ugari irten dira kalera, eta balkoi apainak ere agertu dira». Horietan ederrenaren saria, Inaxio Altunak irabazi zuen.
Igandean dantzariak kalean ibili ziren puska biltzen, eta plazan, emanaldia eskaini zuten, Iñaki Zubeldiari omenaldi hunkigarria eginez, bai Otsolar Dantza Taldeko kideek eta baita udal ordezkariek ere. Ondoren, txekorra jatera 300 lagun joan ziren. Aurtengo Luzea Saria, herriko inauterizale helduenari eman zioten, 97 urte dituen Maria Esnaolari, bazkaltzera joan zelako. Lizartzatik herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, inauteriak aurrera ateratzen laguntzeagatik.