Iaz baino parte hartzaile gehiago izango ditu, bigarren urtez kalera irtengo den Ostegun Gizeneko konpartsak
Gazteak gogotsu ari direla azaldu du Iñaki Moyuak.
Nafarroa etorbideko leiho batetik irtengo da, aurten, On Ostegun Gizen pertsonaia. Iaz izan zen konpartsaren estreinaldia, eta «harrera oso ona» izan zuenez, berriro irtengo dira aurten.
Horrela, beraz, ostegunean 11:00etan Karlos Muñoa txaranga eta danborrada zuzendariaren etxean egingo du On Ostegun Gizenek, lehen agerraldia: «Tarragonak egindako habanera abestu eta joko dugu, eta hortik txupinazora kalejiran joango gara», azaldu du Iñaki Moyuak.
Konpartsaren bigarren Ostegun Gizena izango da aurtengoa, eta iaz baino kide gehiagok parte hartuko dute: «Iaz 40 inguru izan ginen, eta aurten jende gehiago aterako da».
«Zailena jarraitzea da»
Iazko inauterietan estreinakoz konpartsa antolatu eta gero, Iñaki Moyuak, horrelakoetan, zailena jarraitzea izaten dela dio.
Bide honetan, gustura daude, gazteak asko inplikatu direla azpimarratu baitute konpartsako kideek: «Ideia berriak mantentzea oso zaila da, baina gazteenak gogotsu daude».
Horrela beraz, iazko moduan, Pintxana txarangaren atzetik joango da On Ostegun Gizenen konpartsa, itzuli ofiziala eurekin burutuz: «Ostegun Gizena izaten da, gaur egun, jendeak txarangekin salto gehien egiten duen eguna, eta beraz, itzuli ofiziala egingo dugu».