Huyck Wangner-eko langileekin, LAB eta Ibarrako Udala

asierimaz 2013ko otsailaren 4a

Zizurkilgo Huyck Wangner Perot-eko langileak elkartasuna eta babesa biltzen jarraitzen dute. Herenegun, Amasa-Villabonako udalbatzak egin zuen bat biharko manifestazioarekin, eta atzo, Ibarrako Udalaren eta LAB sindikatuaren elkartasuna jaso zuten. Guztiek herritarrei gauza bera eskatu diete, hau da, bihar Tolosako Trianguloara agertzea, 12:00etan, Huyck Wangner lantegiko langileen egoera salatzera.

Ibarrako Udaletik esan dutenez, Perot-eko langileak asteartean udalbatzaren bilkuran izan ziren, euren egoeraren berri ematen. Bertan aurkitzen ziren hautetsiek, Bildu, EAJ eta PSE-EEren ordezkariek, langileei euren babesa eskaini zien.

Multinazionalak

Tolosaldeko LAB sindikatuak eskualdeko egoera sozioekonomikoaren inguruko kezka azaldu du beste behin ere: «Langabeziaren igoera nabarmena, enpresen itxiera... eta asko kezkatzen gaituen eskualdeko industrigunearen nolakotasuna».

LABen esanetan eskualdeko enpresa asko multinazionalak dira, hau da, erabakiguneak Euskal Herritik urrun dituzte: «Langileon beharrizanak kontuan hartu gabe enpresaren mozkinak nola handitu da euren kezka nagusiena, edozein momentutan, enpresako edota merkatuko egoerak hala eskatuta, produkzioa eta enpresa deslokalizatzeko aukera dute».

Enpresa horietako batzuetan, azken hilabeteetan mugimendu «kezkagarriak» egon direla dio LABek. Lantegi horietako langileei elkartasuna azaldu nahi izan die, bereziki Perot-ekoei, eta antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete LABeko militantzia eta langile guztiei, nahiz gizarte osoari.

Multinazionalen jokatzeko moduari aurre egiteko, egun, modu bakarra borroka eta mobilizazioa dela esan dute LABetik: «Langileon borroka lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan kokatu beharra daukagu, burujabetza politiko eta ekonomikoaren bidean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!