- Txosnak festako gune garrantzitsua izango dira, egunero kontzertuak eskainiz
- Ostegun Gizenaren atariko gisa, Kaldereroen festa izango da bihar, eta bi buruhandi berri aurkeztuko dituzte
Jose Mari Mendibil, Irati Iriarte, Ibai Iriarte, Juan Bautista Aranzabe, Fernando Ropero eta Javier Arrizibita, inauterien aurkezpenean.
Datorren ostegunean lehertuko da suziria, 12:00etan puntuan, eta horrekin batera «luxuzko egitarauek eskuratu ezin dutena lortuko dute Tolosako inauteriek», Ibai Iriarte alkateak nabarmendu bezala.
Izan ere, Tolosako Udalak bereziki azpimarratu nahi izan du herritarren parte hartzea, festak antolatzerakoan: «Inauteri hauek norberak egiten ditu berezi, eta tolosarrek egindako lanari esker dira horrelakoak; zazpi egunez, umore ona, jaia eta musika nagusi izango dira herrian».
Herritarren inplikazio horren erakusle, Txozna Batzordeak antolatutako egitarau oparoa aipatu du Ibai Iriarte alkateak: «Euskal Herria plaza festa gune garrantzitsua izango da, eta horregatik hain zuzen, inauterietako egitarau ofizialean txertatu dugu eurek prestatutakoa».
Modu honetara, eta Tolosako Txozna Batzordeko Irati Iriartek azaldu duenez, egunero izango da, askotariko musikaz gozatzeko aukera, Txoznak Euskal Herriaren parte....ta ez utzi aparte! leloari eutsiz.
Aipatzekoa da, gainera, Laket taldeak, herriko beste hainbat musikarirekin batera, 2013ko txosnetako abestia egin duela; Gure plazan izenburua aukeratu dute doinuarentzat.
Txozna batzordeko gazteen gisa berean, Poca Tripa txarangako sortzaileak ere gazte zirela hasi ziren lehen pausoak emanez. 50 urte bete dituzte aurten, eta herritarren parte hartzearen beste adibidetzat jarri ditu Ibai Iriartek. Fernando Ropero, Javier Arrizibita eta Jose Mari Mendibil izan dira agerraldian, eta «bidean geratu ziren txarangako kideak» gogora ekarri nahi izan ditu Mendibilek, jende guztia Tolosako inauterietara gonbidatzearekin batera.
Azkenik, Juan Bautista Aranzabe Matek eguraldi ona besterik ez die eskatu jaiei: «Inauteriak zaindu behar dira, gureak baitira», gaineratu du. Gaur bertan, hitzaldia eskainiko du, Iturriza erretirodunen elkartean: Tolosako inauteria eta bere zergatia.
Eskuragarri dago jada, inauterietako kantu liburuxka.
Euskara nagustitzeko nahia
Tolosako inauteriek ez dute aldaketa handiegirik jasaten urte batetik bestera, eta askoren ustez, horregatik dute, hain zuzen, xarma berezi hori: «Berrikuntza gehiegi ez da izaten, eta nobedade aipagarriena, festak urtero egokitu eta antolatzeko modua da», alkatearen ustez. 2013ko otsailaren 7tik 12ra bitarteko inauterietan, dena den, izango dira berrikuntza zenbait.
Batetik, Tolosako Udalak inauterietan euskara nagusi izan dadin egindako apustua aipatu behar da. Horrela, inauterietako doinuen euskarazko hitzak biltzen dituen kantu liburuxka argitaratu du udalak, TOLOSALDEKO ETA LEITZALDEKO HITZA egunkariarekin, eta Galtzaundi, Txolarre irratia eta 28 kanalarekin elkarlanean. Inauterietan euskaraz abesteko deia izango da, beraz, jada eskuragarri den liburuxkarena. Bide beretik, karroza eta konpartsen lehiaketako legeak aldatu, eta aurten estrainekoz, epaimahaiak kontuan izango ditu parekidetasuna eta euskara, sariak banatzerakoan: «Karroza eta konpartsen emanaldi nahiz idatzietan euskara lehenestea lortu nahi dugu, eta bestetik, jarrera sexistak saihestu eta emakumeen parte hartzea bultzatzea».
Festa eta eromenaren erdi-erdian, haurrek ere beren gunea izango dute aurten, Alondegia plazan gaztelu puzgarriak eta ohe elastikoak jarriko baitituzte.
Beste berrikuntzetako bat, herritarren artean jakinmina piztu duen zezen plazako sarreren auzia izan da. Txarangen atzetik saltoka sartu ahal izateko, gonbidapenak eskuratu beharko dira, astelehenean, Udaltzaingoan. Berrikuntza nagusia, ordea, internet bidez zezenetako sarrerak erosteko aukerarena izango da; www.barrabarra.eu webgunean eskuragarri izango dira, astelehenetik aurrera.
Jantokiei dagokienez, berriz, Herrira-ren sagardotegia Lapurdi plazan izango da, eta Zerkausian ere jantoki erraldoia prestatuko dute.
Azkenik, Tolosako Udalak garraio publikoa sustatuko du, eta Renferekin elkarlanean, iaz baino tren zerbitzu gehiago izango dira, Tolosara etortzeko.
Irudia: Inauterien historia liburu batean
Tolosako inauterien inguruko liburua aurkeztu du Mikel Telleria tolosarrak, Inauteria. El carnaval de Tolosa izenburupean. Historiari eta tradizioari dagozkion dokumentuez gain, dokumentu grafikoak ere bildu ditu, tartean propaganda eta kartelak daudela. Gainera, Euskal Herriko nahiz munduko inauteriak ere hizpide izan ditu. Tolosako Kasinoan egin du aurkezpena.
Egitaraua
Otsailak 1, ostirala
18:30. Tolosako inauteria eta bere zergatia hitzaldia, Juan Bautista Aranzabe Materen eskutik, Iturriza jubilatu elkartean.
Otsailak 2, larunbata
11:00. Aiz-Orratz eta Eroetxe elkarteei eskainitako buruhandien aurkezpena udaleko pleno aretoan. Ondoren, Tolosako Erraldoi eta buruhandiak, Tolosako Dultzaineroek lagunduta Plaza Zaharretik aterako dira.
15:00. Haurren Txantxo Lehiaketa izango da Zentro Sozio-Kulturalean.
16:00. Aiz-Orratz elkarteko txaranga irtengo da elkartetik bertatik.
16:30. Haur Jaialdia, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta, Leidor aretoan. Jaialdian Txantxo Lehiaketako irabazleen berri emango da.
19:00. Urdiña Txiki Elkarteak antolatuta, Kaldereroen Konpartsa aterako da Plaza Zaharretik.
23:30. Incansables txaranga kalez kale ibiliko da (Ezpeleta elkartearen babesarekin).
Otsailak 3, igandea
12:15. Inauterietako kontzertua izango da, Tolosako Musika Banda eta Udal Txistulari Bandaren eskutik, Berdura plazan.
otsailak 7,
Ostegun gizena
11:15. Herrira-k antolatutako ekimena Trianguloa plazatik.
11:30. Udal Txistulari Bandak inauterietako Zortzikoa joz egingo du ohiturazko ibilbidea.
11:45. Kabi-Alai elkarteak Inauterizale Kuttuna izendatuko du, eta jarraian, elkarteko kideek pregoia irakurriko dute udaletxeko balkoitik.
11:45. Ostegun gizeneko konpartsa Plaza Zaharrean agertuko da.
12:00. Inauteriei hasiera emango dien suziria botako dute, udaletxeko balkoitik.
12:00. Pintxana eta Kabi-Alai txarangak Aroztegieta kaletik barrena aterako dira kaleak alaitzera.
13:00. Txosnagunean Herrira-k antolatutako brindisa izango da.
16:30. Zezen Plazan zezen festa izango da, Pintxana eta Kabi-Alai txarangek alaiturik. Ondoren, kalejira.
19:30. Emakumeon plazatik zezen suzkoa irtengo da. Antolatzailea Ero Etxe elkartea izango da.
20:00. Aurrera Kirol elkartearen danborrada.
23:30. Txosnagunean La Jodedera taldearen kontzertua.
Otsailak 8, ostiral mehea
11:30. Ozenki Txistulari taldearen kalejira.
16:30. Zezen plazan zezen festa izango da, Kabi-Alai txarangak alaituta. Ondoren, kalejira.
20:30. Ostiral Mehe eguneko danborrada.
20:30. Txosnagunean Zahagi ardoa. Zuk jana, txoznak edana.
22:00. Txosnagunean kontzertua: Convenio del Metal, Wainot eta Ai ene taldeekin.
22:45. Arpegi Taldeak antolatuta, Ostiral Mehe eguneko jaialdia izango da, Leidor aretoan.
Otsailak 9, zaldunita bezpera
11:00. Erraldoi eta buruhandiek irteera Plaza Zaharratik egingo dute.
11:30. Kabi-Alai elkarteko txarangaren irteera.
11:30. Dantzari txikien kalejira abiatuko da Triangulotik.
11:45. Plaza Berrian, dantzari txikiek lehen dantza saioa eskainiko dute, musika eskolako ikasle bandak lagunduta.
17:00. Aiz Orratz elkarteak antolatuta, Haur Danborrada aterako da Geltoki kaletik.
19:00. Herrira-k antolatutako elkarteratzea Trianguloa plazan.
19:00. Tolosako Danborradaren irteera izango da, Trianguloa plazatik.
22:00. Txosnagunean kontzertua: Skakeitan, Bizardunak eta Izargi taldeekin.
23:30. Oriako Txaranga eta Iraunkorrak txarangak kalez kale.
Otsailak 10, zaldunita
08:00. Diana, Tolosako Musika Bandarekin.
08:45. Herriko Txistulari Bandak ohiturazko ibilbidea eginez, Inauterietako Zortzikoa joko du.
10:00. Txarangen irteera izango da.
11:00. Plaza Berrian sokamuturra Kabila txarangak alaituta.
11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
15:45. Udal Txistulari Bandak Idiarena pieza joz egingo du ohiturazko ibilbidea.
16:00. Kalejira Urdiña Txiki, Alcoyano eta Aiz Orratz txarangekin, Plaza Zaharretik Zezen Plazaraino.
16:30. Zezenak zezen plazan; txarangak eta txistulariak arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren kalejira.
18:00. Txosnagunean kontzertua: 3gabe2, Laket, Dj Bull eta Dj OGT izango dira.
19:00. Dantzaldia Berdura Plazan Urdiña Txiki, Alcoyano eta Aiz Orratz txarangekin.
23:30. Kalean eta Oriako Txaranga txarangak kalez kale ibiliko dira.
Otsailak 11, astelenita
09:00. Txarangen irteera.
11:00. Plaza Berrian sokamuturra Berazubi txarangak alaituta.
11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
16:00. Kalejira, Tolosano, Poca Tripa eta Arco Iris txarangekin, Plaza Zaharretik Zezen Plazara.
16:30. Zezenak zezen plazan; txarangak arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren kalejiran aterako dira guztiak.
18:00. Txosnagunean kontzertua: Veneno Verde taldearekin.
19:00. Dantzaldia Berdura Plazan Tolosano, Poca Tripa eta Arco Iris txarangekin.
22:00. Txosnagunean kontzertua: Zesuma taldearekin.
23:30. Boberenea txaranga ibiliko da kalez kale, giroa alaitzen.
23:30. Plaza Berrian Dj Jotatxo izango da.
Otsailak 12, asteartita
06:00. Udal Txistulari Bandak Alborada joko du Udaletxeko arkupetan, Berdura plazan eta Felipe Gorriti plazan.
08:00. Pattar zezena, zezen plazan. Ondoren, kalejira izango da.
11:00. Plaza Berrian sokamuturra Kabila txarangak alaituta.
11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
15:45.Herriko Txistulari Bandak, ohiturazko ibilbidea eginez, Idiarena pieza joko du.
16:00.Kalejira izango da Txapel Haundi, Sukalde eta San Esteban txarangekin, Plaza Zaharretik hasi eta Zezen Plazaraino.
16:30.Zezenak izango dira zezen plazan; txarangak eta txistulariak arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.
19:00.Dantzaldia Berdura Plazan Txapel Haundi, Sukalde eta San Esteban txarangekin.
23:30.Jainekin eta Incansables Zaharrak txarangen irteera.
23:30. Sardinaren hileta eta konpartsaren irteera, Gure Txokoa elkartetik.
Otsailak 17, igandea
Poca-Tripa txaranga eta Txilaba Elkartearen konpartsa Iurreamendi Egoitzara joango dira.
oharrak.
- Eraso Matxisten Aurkako Informazio Puntua egongo da.
- Herrira-k antolatutako sagardotegia Lapurdi plazan izango da.