Irumugarrieta gailurretik ikusten diren ikuspegiak
Ekimen berri bat hartuko du Leitzak ekainaren 1ean, Euskal Herria Mendi Erronka. ESAIT (Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) da antolatzailea eta Leitzako Udalarekin batera herritar talde bat ari da laguntzen probaren prestaketan.
Leitzan hasi eta bukatuko da 60 kilometroko luzera eta 6.000 metroko gainbehera izango duen proba. 07:00etan irtengo dira lasterkariak, eta 13:00etarako aurreikusten dute hasiko direla lehenengoak iristen Leitzako helmugara. Tartean, Guratz, Gorriti, Arribe, Gaintza, Hirumugarrieta, Albi, Artxueta, Lekunberri, Etxarri, Ireber eta Kornieta igaro beharko dituzte. Maila gorenera Hirumugarrietan (1.431 metro) iritsiko dira. Sei kontrol izango ditu ibilbideak, eta jateko eta edateko bederatzi gune ere izango dira.
Gizonezko, emakumezko nahiz beteranoen mailak egongo dira, eta txapelketa mota desberdinak, banakakoa edota klub mailakoa kasu. Izena emateko epea irekita dago, eta horretarako, www.ehmendierronka.com helbidera jo beharko da. Federazioaren lizentzia dutenek 50 euro ordaindu beharko dute eta lizentzia gabekoek, 55.
Dortsalen banaketa Leitzako plazan izango da Euskal Herria Mendi Erronkaren aurreko egunean, hau da, maiatzaren 31n, 18:00etatik 20:00etara eta probaren egun berean, 05:00etatik 06:00etara. Egun horretan, ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute ekimena ikustera gerturatzen diren mendizaleek Leitzan egun pasa polita egin dezaten.
«Leitzaldea ezagutaraziko du»
Oier Eizmendi Leitzako alkateak adierazi duenaren arabera, «oso gustura» daude I. Euskal Herria Mendi Erronka Leitzan egingo delako: «Pasa den urteko azaro aldera elkartu ginen ESAITeko kideekin, eta euren ideia hasieratik oso interesgarria iruditu zitzaigun». Eizmendiren esanetan, «turismoari bultzadatxoa emateko oso baliagarria izango da, egun horretan jende ugari izango delako, eta Leitza eta bere zonaldea ezagutarazteko balioko duelako».
Bada, gurean zaletasun handia duen kirolak badu proba garrantzitsuenen artean lekutxoa egin nahi duen beste hitzordu bat.
Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaile orokorra
«Ofizialtasunerako urratsak emateko garai itxaropentsua da bizi duguna»
ESAITeko Martxel Toledoren arabera, Euskal Herri mailako txapelketak areagotu behar dira. Helburu horrekin antolatu dute Euskal Herria Mendi Erronka.
Nondik sortu da ekimena?
ESAITen helburu nagusietako bat Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna da. Hori lortu bitartean, hainbat eginbehar daude, Euskal Herriko federazio nazionalak sortzea, esaterako. Izan ere, Euskal Herriko selekzioak nahi baditugu, federazio nazionalak behar ditugu. Federazio nazionalak behar dira Euskal Herriko txapelketa ofizialak antolatu ahal izateko. Egun jokatzen diren txapelketak Euskadikoak dira edo Nafarroakoak edo Frantziakoak. Gure helburua hori izanik sortu da proiektu berri hau. Euskal Herria Mendi Erronkan parte hartuko duten lasterkarien artean txapelketa ofizial bat egingo da, eta irabazlea Euskal Herriko txapeldun izango da 60 kilometroko distantzian.
500 pertsonera mugatu duzue.
Ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugu, eta bestetik, txapelketa den heinean ere, lehiakortasuna bultzatu nahi dugu. Bereziki, beteranoen eta emakumezkoen parte hartzea bultzatu nahi dugu.145 inguru badira dagoeneko izena eman dutenak. Gure erronka 500 inguru izatera heltzea da. Uste dugu lortuko dugula, eta poztekoa litzateke, estreinakoz antolatutako ekimen batek horrelako harrera ona izatea.
Leitzan festa polita izango da egun horretan.
Horrelako ekimen batek giro ederra sortzen du. Aurreko egunean etorri behar da dortsalak hartzera. Parte hartzaileekin batera jende ugari etorriko da, eta egun pasa polita izateko hainbat ekitaldi izango dira. Herri kirolak, pilota partidak, musika... ondo pasatzeko osagai ugari izango dira.
Zergatik lehendabiziko Euskal Herriko Mendi Erronka Leitzaldean?
Bertako inguruneak aukera aproposa ematen du horrelako ekimen bat antolatzeko. Bestetik, garrantzitsua iruditzen zaigu gisa honetako ekimenak Nafarroan antolatzea. Gainera, horrelako proba bat antolatzeko jende ugari behar da, eta Leitza eta bertako inguruan jendea laguntzeko prest izango dugunaren konfiantza dugu.
ESAIT sortu zenetik gaur egunera arte ze bilakaera egon da?
15-17 urte hauetan zerbait lortu bada, aldarrikapena kalera ateratzea izan da. Gure aldarrikapenak lekua eta oihartzuna lortu du gizartean. Bestalde, lasterketak, esaterako, Euskal Herri moduan egin dira, eta gure helburua zazpi herrialdeetako kirolariek maila berean parte hartu ahal duten txapelketak antolatzen jarraitzea da. Kirol txikietan hasi gara, baina kirol guztietan aukera izatea da gure asmoa.
Aurrera begira nola ikusten duzue gaur egungo egoera?
Aldarrikapenetik haratago joanda, ofizialtasunerako urratsak eman behar dira. Gure ikuspegitik, zoritxarrez, eman behar ziren urrats guztiak ez dira eman. Gaur egun, berriz, bai politikoki bai eta sozialki ere aldaketa somatzen ari da. Orain federazioen aldaketa etorri da, erakundeetan ere aldaketa egon da, beraz, ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, nahiko baikor eta itxaropentsu gaude.