Espainiako Auzitegi Nazionalean Inaxio Uriaren aurkako atentatua argitzeko epaiketa hasi zuten atzo. Manex Castro billabonatarrari atentatu horretan parte hartzea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, baina billabonatarrak salaketa ukatu egin zuen atzoko saioan. Atentatuaren berri irratiaren bidez izan zuela azaldu zuen Castrok. Une horretan, lanean zebilela esplikatu zuen billabonatarrak, eta bere nagusiarekin eta beste lankide batekin zegoela. Bi lekuko hauek epaiketan izan ziren atzo, eta Manex Castrok esandakoa berretsi zuten: lanean ari zirela irratian entzun zuten Azpeitian atentatu bat gertatu zela. Castro egun espetxean dago, aurrez eginiko hainbat epaiketatan 300 urtetik gorako espetxe zigorra jarri baitzioten ETAko kidea izatea leporatuta, besteak beste. Epaiketa berri honetan, fiskaltzak 59 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Castrorentzat. «Talde terroristako kide izatea, bahiketa terrorista ilegala egitea, auto lapurreta eta hilketa eta kalte terroristak». Horiek dira leporatzen dizkioten delituak. Fiskalak kalte ordainak ere eskatu ditu, hain zuzen, 160.000 euro Inaxio Uriaren alargunari emateko, eta 240.000 euro, semeentzako.
Inaxio Uria ETAk hil zuen 2008ko abenduaren 3an, Azpeitian, 71 urte zituela. Altuna y Uria enpresako jabea zen.