Astelehenean Agate Deunaren kopla entzun ahal izango da eskualdeetako bazter askotan. Agate Deuna bezpera izango da, eta urtero legez, herritar asko aterako dira kantatzera. Txukun samar abesteko, hala ere, entseguak ere egin behar izaten dira, eta zenbait herritan gaur eta bihar artean bilduko dira. Gaur Anoetan eta Ibarran elkartuko dira; Anoetan 20:00etan, Kuku elkartean, eta Ibarran ordu berean Azkue auzoko kale hezitzaileen lokalean. Bihar berriz, Tolosako Lizardi elkartekoek egingo dute entsegua, 19:00etan, elkartean bertan. Zizurkilen, kantu taldekoak, 19:00etan elkartuko dira, kultur etxean. Eta Adunan 18:30ean da hitzordua, kultur etxean.
Ibarrako irudia[/caption]
Astelehenean, hortaz, Agate Deunaren mito paganoa ekarriko dute gogora, inauteriekin zerikusia duen festa dena, hain justu. Inauteriak zuhaitz adarrak kimatzeko garaia zen, eta badirudi jaien oinarrian gizon-emakumeen arteko amodio kontuak zeudela. Gizonak koplak kantatzera joan eta bildutakoarekin afaltzeko biltzen ziren gero. Bikoteek beren amodioa lagunen aurrean erakusten zuten afarian eta ondoren, alde egiten zuten, beren amodioa ospatzeko. Elizari bekatuzko giroa zela iruditu eta jaia nolabait garbitzeko sortu zuen Agate Deunaren jaia.
Agate Deuna bezperako egitarauak
Aduna
- Arratsaldez. Ordua ez dute finkatu oraindik, horretarako bihar ostirala bilduko dira, 18:30ean, kultur aretoan.
Albiztur
- 14:30. Haurrak eta gurasoak kantuan aterako dira egun guztian zehar. Dirua eskolako beharretarako izango da.
Alegia
- 19:00. Txintxarri abesbatza aterako da herriko Zazpi Astoren Gainean Bertso Eskolako bertsolariekin batera. Larraitz auzotik aterako dira eta herriko plazan bukatuko dute kalejira. Koplak eta Agate Deunaren bezperako doinuak tartekatuko dituzte. Bertsolariekin ateratzen diren laugarren urtea da.
Asteasu
- 10:00. Pello Errota eskolako ikasleak baserriz baserri ibiliko dira.
- 18:00. Usarrabi kantu taldeko kideak eta trikiti zein pandero eskolako taldekoekin batera aterako dira Elizmenditik herrigunean zehar ibiltzeko.
Anoeta
- 15:30. Herritar talde batek antolatuta plazan elkartuko dira eta handik baserrietara joango dira. Baserrietako ibilbidea amaituta, 18:00etan plazan elkartuko dira berriz, kalez kale ibiltzeko. Gaur entsegua egingo dute 20:00etan, Kuku elkartean.
Ikaztegieta
- Arratsaldez. Urteroko ohiturari jarraituz, herriko emakumeak abesten ibiliko dira. Lehenik baserriz baserri ariko dira kantuan, eta gero herrigunetik pasako dira.
Ibarra
- 18:30. Hauspoa kultur elkarteak antolatuta Santa Ageda eskea aurten, arratsaldez egingo dute Izaskun auzoan zehar. San Bartolome plazatik aterako dira. Gaur 20:00etan, Azkue auzoko kale hezitzaileen lokalean, entsegua egingo dute.
Leitza
- 18:00. Urteroko moduan, plazatik abiatuta kopla kantuan ibiliko dira. Bertako musikarien eta bertsolarien laguntzarekin egingo dute kalejira.
Tolosa
- 17:30. Eduardo Mokoroa musika eskolakoak kalejiran aterako dira eskolatik bertatik.
- 18:00. Lizardikoak elkartean bertan elkartuko dira askaria egiteko eta gero, aterako dira kalera, 18:30ak aldera. Entsegua berriz bihar egingo dute 19:00etan, elkartean.
- Iluntzean. Txistulari taldea 19:00ak aldera aterako dira kalejiran, Gure Txokoa elkartetik.
Zizurkil
- 15:00. Pedro Mari Otaño ikastetxeko lehen hezkuntzako haurrak aterako dira herrian zehar kalejira egitera eta 16:00ak aldera itzuliko dira eskolara.
- Iluntzean. Kantu taldekoak iluntzean aterako dira kalejiran. Entsegua bihar egingo dute 19:00etatik aurrera, kultur etxean.