Korrika batzordeak hasi dira jada lanean

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko urtarrilaren 31

Tolosaldeko 10 herritan osatu dituzte taldeak; martxoaren 14an bertan pasako dira eskualdetik

Zizurkilen, Tolosan eta Amezketan gaur arratsaldean egingo dituzte batzarrak

Tolosa 18. Korrika ez da martxoaren 14a arte hasiko, baina herriz herri hasi dira jada beroketa lanetan. Tolosaldean hainbat herritan osatu dituzte Korrika Batzordeak eta Adunan eta Anoetan, gainera, Korrikaren aldeko egunak ere prestatu dituzte. Adunan izango da lehenengoa, otsailaren 2an, eta Anoetan berriz, hilabete beranduago, martxoaren 2an. Bietan, Korrikako materiala erosteko aukera ere izango da. Eta Adunan Korrika Txikia ere egingo dute martxoan, nahiz eta eguna zehaztu behar duten oraindik.

Urnietan larunbatean, euskara ikasleak omendu zituzten

Ekitaldiak pixkana-pixkana ari dira antolatzen, eta baita batzordeak ere. Unai Balda da Tolosaldeko 18. Korrikako koordinatzailea eta Tolosaldean batzordeak 10 herritan osatu dituztela gogoratu du, Alegiaren kasua berezia delarik, bertan zegoen kultur talde batek hartu baitu guztia antolatzeko ardura. Dena den, beste herri guztiak ere animatu nahi ditu batzordeak osatzera, eta Korrikarekin harremanetan jartzera. Eskualdeko hurrengo bilerak gaur bertan izango dira. Zizurkildarrak bilduko dira 19:00etan, Atxulondon; tolosarrak 18:30ean, Lizardi elkartean; eta Amezketan 19:30ean erabilera anitzeko gelan. 18. Korrika martxoaren 14an bertan pasako da Tolosaldetik.

Ginkana eta musa

18. Korrika honetan, «giroa berotzen joateko», ginkana eta mus txapelketak antolatu dituzte herriz herri. «Euskara ikasleen eta gainontzeko herritarren parte hartzea bultzatzeko antolatu dugu ginkana, proba eta pista jolasa izango da», esan du Baldak. Parte hartu ahal izateko izen ematea bukatu da jada eta osatutako talde bakoitzak 5 euro ordaindu behar izan dituzte. Partaide bakoitzari kamiseta bana eman diote, ginkanako taldeak bereizi ahal izateko. Talde bakoitzean gehienez, 8 kidek eman dute izena.

Probei dagokienez askotarikoak izango dira; esfortzu fisiko apur bat egitekoak; talde lana eta punteria ona lantzekoak; oreka, trebetasuna eta lotsa eza eskatzen dutenak... Herrialdeko kanporaketak martxoaren 2 eta3an edo 9 eta 10ean egingo dituzte eta finala Korrikaren amaierako jaian jokatuko dute, hau da, martxoaren 24an, Baionan. Mus Txapelketari dagokionez, Ikaztegietan egin zuten jada lehiaketako lehen kanporaketa, eta Villabonan otsailaren 15ean egingo dute. Villabonan ginkana otsailaren 16an egingo dute.

Unai Balda da Korrikako Tolosaldeko arduraduna

2.000 km baino gehiago

Korrika Andoainen hasi eta Baionan bukatu da, eta antolatzaileek esandakoaren arabera, egingo dituzten bi milatik gora kilometroetan euskara denona eta denontzat dela aldarrikatuko dute. «Euskara da euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko aukeratu nahi dugun hizkuntza; elkarri hitz egiteko, elkar entzuteko eta ulertzeko», esan du Baldak. Leloa ere, Eman euskara elkarri, zentzu horretan doa, eta baita logoa ere. Bi esku ageri dira, Korrikaren lekukoa bata besteari pasatzearen unea, alegia. Edizio honetako omenduei dagokionez, hauek ikasleak izango dira, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasleak, hain justu. Eta hauek guztiak pasa den larunbatean Usurbilen egindako ekitaldian omendu zituzten. Korrikako antolatzaileek nahiago izaten dute euskararen aldeko jai erraldoiaren elementuak banan bana aurkeztu, eta oraindik datozen asteetan aurkezpenak egingo dituzte, baita Tolosaldeko Korrikarena ere. Kanta, hala ere, aurkeztu dute jada. Esne Beltza taldeak egin du, Bagoaz! izena du, eta taldeko Xabi Solanoren hitzetan «korrika egiteko gogoa pizten du». Kantuaren bideoklipa ere egin dute. Era berean, arropak ezin huts egin, eta 18. Korrikako jantziak ere prest dira jada. Egiten diren ekitaldietan erosi ahal izango dira eta baita Euskal Herriko Plaza webgunean ere. Arropa dendak Donostian eta Iruñean jarri dituzte.

Tolosaldeko ibilbidea

Martxoak 14, osteguna 

Aduna. 17:09ean sartuko da Korrika herrira Sagasti hasieratik eta handik herriko baselizara joango da.

Zizurkil Gora. 17:22ean iritsiko da bidegurutzera.

Villabona. Yoa Estetika dendatik sartuko da Korrika herrira 17:29ean, handik Irualdetako bidegurutzera joango dira (17:35), eta gasolindegia baino lehenago dagoen Decorativa dendaraino joango dira gero.

Irura. Autobian Irura eta Anoeta alderuntz joango dira 17:48ean, eta handik Aizpurua jatetxera (17:55).

Anoeta. Herriko zubira 18:01ean iritsiko dira, eta handik Calparsorora joango dira (18:08).

Tolosa. Belate sarrerara (lehenengo TAOaren makinara) 18:14ean iritsiko dira, handik San Frantzisko elizara joango dira (18:21), Iurre auzoko lehen etxera gero (18:27), eta Amarotz auzotik (18:34) joango dira San Blasetik jaisteko eskaileretaraino.

Ibarra. Biribilgunera joango dira 18:47ean, eta Leaburuko zubira joango dira gero (18:53).

Tolosa. Leidorretik 19:00etan pasako dira eta Bentaundira joango dira (19:06), eta handik, bidegorritik, Alegiara.

Alegia. Altzoko bidegurtzean 19:32ean sartuko dira, eta Alegiako sarrera baino lehen ezkerretara sartuko dira (19:39) Alegiako Zumardira iristeko.

Ikaztegieta. Ikaztegietako sarrerara 19:58ean iritsiko dira eta handik joango dira Goierrira.

 

Korrika egunetako egitarauak

Aduna, otsailak 2 

- 11:00. Plazatik Belkoainera arteko mendi martxa.

- 14:00. Bazkaria Txulobi elkartean. Txartelak Uztartza tabernan eta Txulobi elkartean, helduek 15 eurotan eta haurrek 5 eurotan.

- 16:00. Korrikaren aldeko Mus Txapelketa.

Anoeta, martxoak 2 

- 12:00. Ekitaldia: kantaldia Loatzoko ikasleekin, dantzaldia Anitz herriko taldearekin eta bertsoak.

- 14:00. Barrikotea eta paella jatea, frontoian. p

- 16:30. Ginkana. 

-  19:00. Bakarlari bat Mikelasagasti auditorioan.

- 23:00. Kontzertua Gaztetxean.

Omenduei eginiko bideoa

Kantaren bideoklipa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!