Triatloia zaletasun bat baino gehiago denean

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko urtarrilaren 30a

Egoitz eta Ilazki Zalakain anaiek, eta Jose Luis Zabalak garaipenak lortu dituzte Espainiako Txapelketan

Egoitz Zalakain (ezkerrean) Neguko Triatloien Espainiako Txapelketak podiumean

Tolosako Egoitz eta Ilazki Zalakain eta Berrobiko Jose Luis Zabala triatloilariak emaitza bikainekin itzuli dira Reinosatik (Kantabria). Neguko Triatloiko Espainiako Txapelketan hartu zuten parte asteburuan, eta elite mailan Egoitz Zalakain bigarren egin zuen; Ilazki Zalakainek 30-34 urtekoen taldean Espainiako Txapelketa irabazi zuen, eta sailkapen orokorreko laugarren denborarik onena eskuratu; eta Jose Luis Zabalak 40-44 urteko adin taldean irabazi zuen Espainiako txapela.

Hiruek eskarmentu handia dute triatloietan, nahiz eta Zabalak bakarrik duen jomuga neguko probetan, beste biak udarara begira entrenatzen baitira. Zabalak dena den, azken hiru urteetan Getariako taldean arraunean ibili eta gero bueltatu da tritatloietara: «Aurtengo helburua triatloiak egitea da, bi egin ditut jada, eta beteranoetan bietan irabazi dut. Kontentu nago».

Neguko triatloiak egin eta irabazi baditu ere bere ahulgunea eskia dela aitortu du berrobitarrak. «Prestaketa lanetan ibili naiz eta muskularki ere prestatuta nengoen proba egiteko, hala ere, eskiatzen ez naiz horren ondo ibiltzen. Reinosan elurra justukoa zegoen, makina pasa zuten, eta zirkuitua oso irregular zegoen». Kantabriako lasterketan bost itzuli eman behar izan zituen eta zirkuitua egoerarik onenean ez egoteak momentu batean parte hartzaile guztiak pilatuta joatea ekarri zuen, eta Zabala erori ere egin zen. «Hor nire postua arriskuan ikusi nuen, ez nekien atzetik zer neukan eta buelta erdi bat nahiko pattal eginda aurreratu ere egin zidaten. Larritu nintzen, baina azkenean buelta eman nion egoerari».

Berrobitarra korrika eta bizikletan konstantea dela dio, hori dela bere indargunea, eta entrenatzen jarraitzen du otsailean bertan Anso bailaran (Aragoi) izango den lasterketan parte hartzeko. «Proba horretan korrika eta mendiko bizikletan ariko gara, eta iraupen eskia ere egin beharko dugu, gogorra izango da», dio. Triatloiak gogorrak izanda entrenamenduak ere halakoak dira: «Astean sei aldiz entrenatzen dut; bi egunetan korrika egiten du, bi egunetan bizikleta, rolleskin ere egun bat aritzen naiz, eta asteburuetan eskiatzera joaten naiz».

Martxoaren 3an bukatuko dira neguko triatloiak eta gero duatloietan hasiko dela esan du 2009an Bartzelonako Iron Man proba ere egin zuen berrobitarrak. Egia esateko hiru aldiz egin du proba gogor hori, baina 2009an lortu zuen bukatzea.

Zalakaindarrak, puntan

Zabala Tolosako Zalakain anaiekin joan zen Kantabriara. Neguan entrenatu egiten dira udako triatloiak egiteko, baina lasterketarik gabeko negua oso luzea egiten zaie antza, eta tarteka neguko probetan ere hartzen dute parte. Egoitz Zalakain Reinosako proban txapeldunorde egin zuen, iaz bezala, eta kontentu dagoela dio, garaipenak beti dira poztekoak, baina Kantabriako probarekin batez ere, disfrutatu egin zuela dio. «Ez dut txapelketa bereziki prestatzen, baina txikitatik eskiatzen dudanez, ondo ibiltzen naiz proba horretan. Pozik nago, neguko triatloietan hasi nintzen, txikitan ere eskia egiten nuelako, eta gero hasi nintzen triatloi normalak egiten.

Urtero Neguko Triatloien Espainiako Txapelketa egiten dut eta garai bateko probak gogoratzeko parte hartzen dut. Disfrutatu egiten dut, beste lasterketetara baino askoz presio gutxiago dut», azaldu du. Izan ere, Egoitz Zalakain profesionalekin batera lehiatzen da azken urteetan, nahiz eta berak ez dituen triatloiak lanbidetzat. Urteetan proba hauek prestatzen, egiten eta irabazten ematean kirolariaren motibazioak ere aldatu direla aitortu du: «Urte batzuk eta gero dezente aldatu dira nire ikuspegia. Hasieran egiten nituen proba guztiak bukatzeak kristoren ilusioa egiten zidan, baina orain desberdina da; emaitzak lortzen joaten zara, eta gero ilusioa beste gauza batzuek ematen dute. Profesionalki honetan aritzen direnekin lehiatzen naiz eta giroa ez da hasierakoa, lehiakortasunean asko nabaritzen da».

Momentu honetan apirila eta maiatza artean hasiko den denboraldia prestatzen ari da, baina «modu lasaian»; «orduak ematen ditut noski, baina ez da pistan erabat horretara egotea, entrenamendu lasaiagoak eta luzeagoak dira». Aurtengo helburuen inguruan galdetuta, bere nahia bi edo hiru Iron Man egitea da, erabakia oraindik erabatekoa ez bada ere. Abuztua eta iraila artean egingo ditu. «Oso gogorra izango da, baina urte guztia entrenatzen pasatzea Iron Man bakarra egiteko pena da. Bat baino gehiago egin ahal izateko funtsezkoa da egutegia ondo antolatzea, eta horretan ari naiz», esan du. Danimarkan, Ingalaterran, eta Alemanian egingo ditu Iron Man probak, «zaila da jakitea zenbat tarte utzi behar den batetik bestera, ni hiru hilabetetan hilero bat egingo dut, eta ikusiko dut, behar bada gehiegi izango da, baina saiatu nahi dut».

Ilazki Zalakain da hiruetan gazteena. Kantabrian adin talde guztien artean lehenengoa izan zen, sailkapen orokorreko laugarren denborarik onena egin zuen, eta ondorioz, 30 eta 34 urtekoen artean Espainiak txapela jantzi zuen.

Ezusteko garaipena

Garaipena ezustekoa izan da Zalakain gazteenarentzat eta lasterketan batez ere, ondo pasa zuela nabarmendu du. «Korrika lehenengo taldearekin joan nintzen, pixka bat atzetik, baina bizikletarekin harrapatu nituen, eta gero bizikletan oso ondo egin nuen. Aldapan gora beste batekin joan nintzen, bakarrik joatea erabaki nuen arte, eta eskiatzera bakarrik iritsi nintzen», azaldu du. Ilazki Zalakain anaiaren moduan, txikitatik eskiatu izan du, eta beraz, txapelketako zati horretan eroso sentitu zela gaineratu du.

Denbora orokorrean laugarrena egitea ere ez zuen espero, eta horrek harritu du gehien. Anaia bezala udarara begira entrenatzen da eta Espainiako Txapelketara entrenamendu «normalak» eginda iritsi zela esan du. «Orokorrean entrenatzen ibili naiz, horrenbesteko presiorik gabe, baina oraingoan ondo atera da; probak korrika hasten dira eta hor ibiltzen naiz okerren. Baina aurten korrika hobeto egin dut». Neguko triatloiak «oso politak» izaten direla gaineratu du eta gustura egiten dituela, «nahiz eta udarara begira entrenatzen naizen». Garaipen honek gainera animatu egin du aurrera jarraitzeko, batez ere, espero gabeko garaipena izan delako. Oraindik udako probak antolatzen ari da eta burua ere horietan du, «nahiz eta emaitza hau ikusita neguko beste bat egiteko arra ere sortu zaidan».

Hiru kirolariek triatloia maite dute, baina, batez ere, kirola egitea. Lanetik ateratzerakoan entrenatzera, kirola egitera, joatea nolabaiteko askapena da beraientzat, lana bakarrik egitea tristea izango litzatekeela uste baitute. Eta triatloia zaletasuna izateaz gain, garaipen hauekin, poztasun iturria ere bada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!