Duela bi asteko eguraldiak, kalte handiak utzi ditu Gaztelura doan bide nagusian, Leaburuko Mahala baserriaren inguruan. Urtarrilaren 20an, GI 3881 errepidea itxi egin behar izan zuten, nahiz eta ondorengo egunetarako berriro zabalik izan. Konpontze lanetan dabiltzan teknikarien esanetan, «bidea erabat konpontzeko, oraindik bi edo hiru hilabeteko lana gelditzen da». Errepidearen gainbeherak, gazteluarren artean zeresana piztu zuen, zeresana eta batez ere, kezka. Euren etxeetara joateko, edo bertatik jaisteko, azken aukera bezala, bizilagunak pistetatik bideratu zituzten: Lizartzako eta Orexako pistetatik. Hauen egoera, ordea, ez da hoberena, eta foru aldunditik azaldu bezala, «egun dauden bezala, ezin dira alternatiba kontsideratu».
Gazteluko Udalak egoera honen aurrean, herritarrekin elkartzea erabaki zuen. Euren asmoa, errepidearen aferaren inguruan egindako guztia gazteluarrei azaltzea zen, aurrera begirako urratsekin batera. Ahalik eta informazio zuzenena zabaltzeko helburuarekin, Adolfo Sesma Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen mantenurako teknikaria gonbidatu zuten Gaztelura.
Adolfo Sesma, udal ordezkariak, eta herritarrak iragan ostegunean elkartu ziren udaletxean. Gazteluarren erantzuna gaiak herrian sortu zuen kezkaren tamainakoa izan zen: 40 lagun inguru joan ziren bilerara, eta pleno aretoa txiki gelditu zen. Zutik, edo aretotik kanpo egon arren, 30 minutu inguru iraun zituen bilera jarraitzeko ez zen inongo arazorik egon.
«Arazo potoloa»
Adolfo Sesmak arazoa identifikaturik dutela esan zuen, eta baita irtenbidea izan daitekeena ere, hala eta guztiz ere, hor beheran «arazo potolo bat» dutela esan zien Gazteluko bizilagunei: «Errepidearen azpian dauden igeltsuak dira arazoaren sorburua. Ur kopuru asko erori denez oso egun gutxitan, mendi hegalak behera egin du, eta irtenbidea hori gelditzea izango litzateke». Horretarako, harriekin kontrahorma bat egiteko asmoa dutela azaldu zuen diputazioko teknikariak, «baina errepidetik 30 metrora kokatua, eta oso sakona, ez baitakigu hor azpian zenbat igeltsu dagoen».
Hainbat herritarren esanetan, errepidea egin aurretik, erori den lekuan igeltsua ateratzen zuten. Ondorioz, mendiaren azpia «sator zuloz josita» egongo balitz bezala dago. Kontrahormak eta bere kokapenak eta sakontasunak, mendi hegala gelditzea izango dute helburu. Berriro tamaina horretako lur mugimendurik egon ez dadin.
Adolfo Sesmaren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundian gaiak lehentasun guztia dauka, eta horregatik, martxan jarriko den prozesua emergentziazkoa izango da: «Datu topografikoak hartuta daude; bi egunetan proiektua egingo da, eta ondoren, lau edo bost enpresei aurkeztuko zaie lehiaketarako eskaintza egin dezaten. Erabakia segidan hartuko da, baina hori guztia kontuan hartuta ere, bi edo hiru hilabeteko lana dago aurretik».
Bilerara joan ziren herritarrek euren kezken inguruan galdetzeko aukera izan zuten. Berriro txarrena gertatuko, eta errepidea itxi beharrean suertatuko balitz, pisten egoera hobetu beharko litzatekeela aipatu zuten. Udal ordezkariak, eta Adolfo Sesma bera, ados agertu ziren iritzi honekin. Patxi Iturriaga Gazteluko zinegotziak diputatuarekin gai honen inguruan hitz egiten egon zirela esan zuen: «Gutxienez, Lizartzako pista hobetu beharra dagoela esan genion. Egun hauetan, eurek pistak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, eta ados agertu ziren. Bilera ondo joan zen, eta lehentasuna errepide nagusiari emango badiote ere, paraleloki pista hobetzeko asmoa agertu zuten».
Errepidea berriro ixtea tokatzen baldin bada, komunikazioa hobetu beharko litzatekeela ere aipatu zuten bizilagunek, autoa hartu orduko jakin dezaten pasatzerik izango duten edo ez; edo bide nagusia ala pista hartu. Adolfo Sesmak arlo horretan hobetu beharra aitortzearekin batera, komunikazioa hobetzeko konpromisoa hartu zuen.
Langileen lana
Batzarraren amaieran esker oneko hitzak nagusitu ziren. Herritar batek herriko zein foru aldundiko politikarien lana azpimarratu zuen, 24 orduz arazoaren gainean egoteko gaitasuna erakutsi zutelako. Horrez gain, bidea konpontzen ari diren langileen lana eskertu zuen: «Baldintza oso txarretan aritu dira lanean; gauez eta eguraldi oso txarrarekin. Errespetu guztia erakutsi behar zaie langileei, lan txalogarria egiten ari baitira».
Alfonso Sesma foru aldundiko teknikariak, bere aldetik, eskerrak eman nahi izan zizkien Txarama-Leaburuko eta Gazteluko udal ordezkariei, eta oro har herritarrei. Bidea zabalik egon dadin egin beharreko guztia egingo dutela ere azaldu zuen. Patxi Iturriagak, udalaren izenean, herritarrei erakutsi duten pazientziagatik eta batzarrera agertu izanagatik eskerrak eman nahi izan zizkien.