Batean amaitu eta bestean hasi. Leitzan izan ziren goiztiarrenak, eta segida beste hiru herrik emango diete asteburu honetan inauteriei, hau da, Aresok, Berastegik eta Lizartzak.
Lizartzan, inauterien aurrekari moduan, antzerki, musika eta dantza emanaldia izan zuten pasa den larunbatean. Etzi hasi eta igandea bitarte mozorroak, txantxoak, txarangak, gurdiak eta puske biltzeak nagusituko dira. Aurtengo egitarauan leku berezia izango du hil berria den Iñaki Zubeldia herritarrak. Lizartzako inauterien eta Ihaute dantzen sustatzaile izandakoari omenalditxoa egingo diote igandean. Horrez gain, igandeko bazkaria nabarmendu du Otsolar dantza taldeak eta herritarrak gonbidatu ditu bertan parte hartzera.
Areson eta Berastegin
Berastegin, bestalde, bi eguneko festa izango da. Gaztetxoak izango dira protagonista etzi, kalejirarekin eta xexenarekin. Larunbatean, berriz, haurrentzako nahiz nagusientzako ekitaldiak izango dira. Amaitzeko, herritar guztiak elkartuko dira mahaiaren bueltan afaltzeko.
Areson, bestalde, hiru eguneko inauteriak izango dituzte, etzi hasi eta igandera bitarte, Lagun Artean elkartearen eskutik. Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute, adin guztiei zuzendua.
Hiru herrietan mozorroak jaztera eta kalera irtetera gonbidatu dituzte herritarrak.
Egitarauak
ARESO
OTSAILAK 1, OSTIRALA
15:30. Gaztetxoen kalejira.
15:40. Kondairen kontaketa.
16:00. Dantzak plazan.
16:15. Kalejira herrian barrena.
16:30. Askaria.
18:00. Herriko eskea.
21:00. Lagun Artekoen afaria Pake Tokin. Txartelak Sastinean eros daitezke.
OTSAILAK 2, LARUNBATA
10:00. Lagun Artekoen gosaria Pake Toki elkartean.
10:30. Baserrietako eskea.
17:00. Karrozen desfilea.
19:30. Zomorroak antzezlana udaletxean.
21:00. Herri afaria Pake Toki elkartean.
23:30. Trikitilariak Pake Toki elkartean.
OTSAILAK 3, IGANDEA
14:00. Banabar txapelketa eta bertso bazkaria Larrea elkartean. Txartelak, Sastinean.
Bazkalostean. Bertso saioa izango da, Iñigo Gorostarzu eta Mikel Artola bertsolarien eskutik.
BERASTEGI
OTSAILAK 1, OSTIRALA
14:30-16:00. Gaztetxoak irtengo dira Berastegiko kaleetan barrena, mozorrotuta, soinu eta musikaz lagundurik.
Ondoren. Guraso elkartearen eskutik, askaria.
Ondoren. Xexenaren irteera.
OTSAILAK 2, LARUNBATA
17:00. Herriko haurren dantza emanaldia, pilotalekuan.
Ondoren. Txokolatea.
19:30. Herri poteoa, batukadakak eta trikitilariek alaituta.
21:00. Herri afaria, aparkaleku azpiko lokalean.