Goi tentsioko linearen aurka Leitzan eginiko manifestazioa[/caption]
Autopista Elektrikoaren Aurkako plataformak Espainiako Gobernuak eraiki nahi duen Ezkio-Itsaso eta Deikazteluko goi tentsioko linearen aurkako jarrera azaldu du beste behin, «herriaren garapenean atzerapausoa delako». Bada, batzarrera deitu dituzte Basaburua, Imotz, Atez, Araitz, Areso, Leitza eta Larraungo herritarrak eta udal ordezkariak euren jarrera azal dezaten. Lekunberriko tren geltokiaren goiko gelan izango da, larunbatean, 12:00etan.
Plataformatik adierazi dutenaren arabera, proiektuaren nondik norakoak jakiteko esperoan daude une honetan. «Ekainean Espainiako Gobernuak Red Electrica Españolari eskatu zion plangintza eguneratzeko eta egungo beharretara egokituko zen proiektu bat aurkezteko», azaldu du Aitziber Bergara Leitzako plataformako kideak. «Kaltetutako herrietako udalek iragan abenduan proiektuaren inguruko informazioa eskatu zuten, eta ingurumenarekiko eragina neurtzen duen ikerketa egitea geratzen zela erantzun zuten, beraz, itxarotea geratzen zaigu».
«Atzerapausoa da»
Proiektuaren zehaztapenak, beraz, oraindik ez dira ezagutzen, hau da, goi tentsioko linea zein eskualdeetatik igaroko litzatekeen ez dago zehaztuta. Proiektuak aurreikusten duen aukeretako bat Leitzaldetik igarotzearena da. Azpiegitura horren aurkako plataformak argi du «zonalde batetik edo bestetik igaro proiektua kaltegarria» dela, eta Espainiako Gobernuak aurrera eramateko asmoa duela. «Ez dugu nahi ez gure herrirako ez beste inorako, osasunaren kontra doalako, herriaren garapenerako atzerapausoa delako, eta ez diogulako inongo etekinik ikusten», adierazi du Bergarak. Euren arabera, elektrizitatea leku batetik bestera garraiatzea da bere funtzioa eta «tarteko guztiek kaltea besterik ez lukete jasoko».
Hori dela eta, proiektua geldiaraztea eskatuz eta kontrako jarrera azaltzeko hainbat ekimen gauzatu dituzte. «Eusko Jaurlaritzarekin elkartu gara euren jarrera ezagutu asmoz, eta edozein dela trazatua defendatzen dutela esan ziguten». Nafarroako Gobernuari ere bilera eskaera egin ziotela adierazi dute, baina oraindik erantzunaren zain daudela salatu dute. «Dena den, proiektua defendatzen ari direla argi dago».
Bestalde, Autopista Elektrikoaren Aurkako plataformak azaldu duenez, Nafarroako 165 udaletxe eta kontzeju daude proiektuaren aurka, eta 500 pertsonai esanguratsuk —ia 100 leitzarrak— sinatu dute Altsasuko adierazpena izenburupean goi tentsioko linearen aurkako jarrera adierazten duen idatzia.
Plataformatik esan dutenez, ezinbestekoa da herritarrek kontrako jarrera azaltzea proiektua gelditu ahal izateko: «2007ko proiektua, besteak beste, herritarrak aurka azaldu zirelako geratu zen, beraz, hau ere geratu dezakegu, baina, horretarako garrantzitsua da ekimenetan herritarrek parte hartzea eta proiektuaren aurka gaudela argi geratzea».