Pello Odriozola «bahiturik» dagoela salatu dute tolosarrek

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 29a, 10:47

Atzo bete ziren, 25 urte, espetxeratu zutenetik; Parot Doktrina dela eta, 10 urtez luzatu zioten zigorra 2007an

Trianguloa plazatik abiatu zen Herrira-k deituriko manifestazio jendetsua, atzo iluntzean.

«Bizi arteko zigorrik ez, Pello herrira» lelopean, manifestazio baten bitartez ekarri dute gogora, hainbat tolosarrek, Pello Odriozola kartzela sartu zuteneko eguna. Atzo bete ziren 25 urte, eta besteak beste, «duela 5 urte, legez, kalean egon beharko zukeela» salatu dute mobilizazioan: «Pello bahituta dago».

2007an zigorra bete zuen arren, Parot Doktrina legea aplikatuta, beste 10 urtez luzatu zioten zigorra, Pello Odriozola tolosarrari. Orduz geroztik, hamaika aldarrikapen, protesta eta mobilizazio burutu dituzte bere senide, lagun eta gertukoek; azken asteotan, ordea, Odriozolaren espetxeratzearen 25. urteurrenaren harira, bereziki salatu nahi izan dute egoera. Horrela beraz, pasa den astean Lizardi kultur elkarteko kideek Zerkausian atera zuten argazki erraldoiaren bide beretik, Herrira-k deitu zuen atzoko manifestazioa: «Pello bahituta dago, Espainiako gobernuaren arabera aske egon behar bailuke». Horrenbestez, Odriozolaren askatasuna lortzea herritarren esku dagoela uste du Herrira-k; «gure esku, herritarren esku dago, Pelloren askatasuna lortzea, eskubide guztiekin etxean behar duelako».

Azken ostiraleko aldarriak

Pasa den ostiralean, hileko azken ostiraleroko gisan, hainbat eskaera eta salaketa egin zituzten eskualdeko herrietan. Horrela, kondena bete duten preso guztien «berehalako kaleratzea» eskatu zuten batetik, eta «Estrasburgoko sententziak 197/2006 doktrinari buruz ebatzitakoari jarraiki, euskal preso politikoentzat bizi osorako zigorra dakarren 197/2006 doktrina etetea».

Mobilizazio hauetan, bildutako jende kopuruaren balantzea egin du Herrira mugimenduak: Anoetan 37 lagun elkartu ziren, Lizartzan 45, Villabonan 56, Adunan 7, Altzon 15, Asteasun 12, Zizurkilen 46, Iruran 15, Tolosan 90, Ibarran 41, Berastegin 29, Berrobin 15, Ikaztegietan 11, Amezketan 13, Leaburu-Txaraman 12, Gaztelun 16, Bidegoianen 5, eta azkenik, Alegian 25.

Zelairaini goraintziak

Tolosaldeko Herrira-k, azkenik, bere poza azaldu du, Peio Zelarain berriro Amasa-Villabonan delako: «Besarkadarik beroena helarazi nahi diogu Peiori, eta urteotan bere ondoan egon direnei».

Hala ere, «kartzela politika honen eskubide-urratzeak pairatzen dituztenak, oraindik ehunka» direla nabarmenduz, «herriz herri olatu geldiezin bat sortu behar» dela diote: «Espetxeak hustutzen hasteko unea da, baina horretarako kaleak betetzen segi behar dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!