Pilota partida estua izan zen eta epaileen erabakiek Titin eta Merinoren alde jarri zuten markagailua
Leitza Bengoetxea VI.a leitzarra eta Beroiz haserre bukatu zuten larunbateko partida. Titin III.a eta Merino II.a izan zituzten parean eta epaileek erabaki batzuetan azken hauen alde egin izanak bat baino gehiago haserretu zuten, markagailua 22-20an utziaz. Titin III.ak hiru pilota eraman zituen bigarren botean, eta berriz jokatu beharreko beste tanto batean, errioxarren alde egin zuten epaileak, eta horrelako lehia estuan, erabakigarria izan zen. Partida Logroñon izan zen, Adarraga pilotalekuan, eta norgehiagokaren lehen zatia huts askokoa izan zen, leitzarrak pilatu zituen gehien, hamar, zehazki. Bigarrena aldiz, oso gogorra izan zen. Hutsak pilatuz joan ziren 9-11koa lortu arte. Ondoren etorri zen polemika: Beroizek Merinori traba egin zion eta tantoa berriz ere jokatzea erabaki zuten epaileek, hurrengo tantoan, aldiz, Titinek Bengoetxeari beste hainbeste egin zionean, errioxarren aldeko tantoa agindu zuten. Titin pilotak bigarren botean eramaten zituela ikusita urdinen haserrea handituz joan zen, eta urdinak markagailuan aurreratzen ari zirenean, tanto eztabaidagarria iritsi zen. Titinek bigarren botean eraman zuen pilota, eta epaileek ontzat eman zuten. Finalerdietarako bidearen erdia eginda dute leitzarrak eta Beroizek.