Irazu: «Urduritasunaren beldur nintzen, baina ondo atera da»

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 29a, 08:00

Zizurkilgo Jon Irazu aizkolariak irabazi du Zumarragako Xabier Zalduaren aurkako apustua

Tolosa Zazpi minutu eta 28 segundoko aldea atera zion herenegun, Jon Irazu aizkolariak Xabier Zalduari. Desafioa ez zen nolanahikoa: hamalauna pago enbor moztu behar zituzten, 54 ontzako hamar kanaerdiko eta 72 ontzako lau oinbiko, eta 12.000 euro zeuden jokoan. Zizurkildarrak 55 minutu eta 12 segundo behar izan zituen, eta zumarragarrak 62 minutu eta 40 segundo. Dirua, hortaz, zizurkilera.

Irazuk (eskuinean, urdinez) 7 minutuko aldea atera zion Zalduari

800 pertsona bildu ziren zezen plazan desafioa ikusteko

 

Tolosaldeko aizkolaria gustura zegoen atzo. Egindako lan onarekin arro: «Gustura geratu naiz. Beldurra ere banuen, hala ere, izan ere, apustuko egunean bertan urduritasunak garrantzia handia du, eta honek arazoren bat sortuko ote ziten beldur nintzen». Irazuren lehen apustua izanda emango zuenaren zain zeuden zale asko, eta Tolosako zezen plazan ere nabaritu zen hori, 800 pertsona bildu baitziren apustua ikusteko. Zalduarentzat ez zen ordea, bere lehen apustua, eta Irazuk hori probestu zuen: «Bere erreferentziak banituen, beste apustuetan ikusi izan dut, eta banekien gutxi gorabehera nola ibiliko zen, tankera hartua nuen, baina hala ere, ateratako aldea ateratzerik ez nuen espero». Zalduak ondo ikusi zuela dio aizkolaria, «gero berarekin hitz eginda berea egin zuela esan ziten», gaineratu du. Irazuk Zubeltzu eta Labaka izan zituen ondoan, eta kolpe lehor eta sakonak eman zituen. Apustua irabazita kontentu dago aizkolaria, baina ez duela gehiegi ospatu aitortu du: «Nire jendearekin egon nintzen, sagardo pixka bat edan... eta ezer gutxi gehiago. Izango dut denbora aurrerago». Txapelketa nagusia prestatzen jarraitu behar du, eta egiten ari den denboraldi bikaina borobiltzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!