Atzo baserriz baserri eskean aritu zen taldeetako bat, baserrietako batera iristen
Asteburu bikaina igaro dute Leitzan. Larunbatean hasi zituzten ihoteak, eta gaur arte luzatuko dira jairik zoroenak. Ahal duenak, beraz, azken parrrandatxoa egiteko modua izango du.
Mahaiaren bueltan, Aurrera elkartean ekin zieten jaiei leitzarrek. Bazkalostean, berriz, herrian barrena aritu ziren, auzoz auzo, taldeka, eskean. Eta, noski, eskea gauera arte luzatu zen, eta baita goizaldera arte ere askorentzat.
Herrian, eskean, larunbatean
Igandea, edo Zaldun-iote eguna kolorearen eguna izan zen. Mozorroak jantzi, eta taldeka, gurdiekin ala banaka kalera atera ziren herritarrak eguerdi partean. Irudimenaren erakusleiho bilakatu ziren Leitzako kaleak, eta txarangaren doinuekin giro alaia nagusitu zen bertan. Txu txu trenak, bertso saioak eta zuzeneko musikak borobildu zuten eguna.
Eskean, auzoz auzo
Atzokoan, bestalde, Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu auzoetara abiatu ziren herritarrak taldeka eskean aritzera. Herritar ugari animatu zen, adierazi zutenaren arabera, «beste urteetan baino gehiago», eta giroa ere paregabea izan zen. Txistu eta danbor doinuekin egin zuten baserrietarako bidea, eta behin haietara iritsita otordutxoa zuten zain. Dantzarako tartea ere izan zuten, guztia, umore onean. Arratsaldean, berriz, gaztetxoenak izan ziren protagonista.
Gaurkoa dute ihoteei agur esateko eguna. Eskea Erasote auzoan egingo dute, eta Aurrera elkartean elkartuko dira ondoren
bazkaltzeko. Hitzordu garrantzitsuena, berriz, arratsaldean izango den atsaureen kalejira izango da. Herritar oro dago gonbidatuta bertan parte hartzera.