Pello Odriozolaren egoera izango dute bereziki gogoan gaurko elkarretaratzeetan

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 25a, 10:44

Hileko azken ostiraletan egin ohi den moduan, gaur ere euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz elkarretaratzeak egingo dituzte bi eskualdeetako hainbat herritan, Herrira ekimenak deituta. Gaurkoan, bereziki Tolosan, Pello Odriozolaren egoera izango dute gogoan. Izan ere, astelehenean, hilak 28, Odriozolak 25 urte beteko ditu espetxean.

Herrira ekimenak azaldu duenez, «duela bost urte legez kalean egon beharko luke, baina Parot Dotrina aplikatuz kondena hamar urte gehiago luzatu zioten». Zehazki, 2008ko uztailaren 2tik aske egon beharko lukeela azaldu du presoen eskubideen aldeko ekimenak. Odriozola «bahiturik» dagoela esan du Herrira-k, «Espainiako Gobernuaren arabera aske egon beharko lukeelako. Gure esku, herriaren esku, alegia, dago Pelloren askatasuna lortzea».

Hori dela eta, Herrira-k Tolosako Trianguloa plazatik astelehenean, hilak 28, 19:30ean hasiko den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, «Pello Odriozolak eskubide guztiekin etxean behar duelako». Herritarren parte hartze zabala eskatu du presoen eskubideen aldeko mugimenduak, «denon artean» lortuko dela esanez.

Hileko azken ostiral guztietan egiten den moduan, gaurkoan ere, hainbat eskaera egiteko elkartuko dira. Batetik, kondena bete duten preso guztien «berehalako kaleratzea» eskatuko dute, eta «Estrasburgoko sententziak 197/2006 doktrinari buruz ebatzitakoari jarraiki». Bestetik, «euskal preso politikoentzat bizi osorako zigorra dakarren 197/2006 doktrina etetea».

Frantziako espetxeetan dauden presoentzat «baldintzapeko askatasunari atea zabaltzea» ere eskatuko dute. Kartzela politika «eskubide irizpideetara eta konponbidea sustatzeko gakoetara» aldatzea da egingo duten beste eskaera. Elkarretaratzeak Tolosaldeko eta Leitzaldeko hemeretzi herritan egingo dituzte.

Elkarretaratzeak

Aduna. 20:00etan.

Alegia. 19:30ean.

Altzo. 20:00etan.

Amezketa. 19:30ean.

Anoeta. 19:30ean.

Asteasu. 19:00etan.

Berrobi. 19:30ean.

Berastegi. 19:30ean, plazan.

Bidegoian. 19:00etan Bidaniko frontoi aurreko plazan.

Ibarra. 19:30ean.

Irura. 19:30ean, plazan.

Gaztelu. 19:30ean, plazan

Ikaztegieta. 20:30ean.

Leitza. 20:00etan.

Txarama. 20:15ean.

Lizartza. 20:00etan.

Tolosa. 19:30ean.

Villabona. 20:00etan.

Zizurkil. 20:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!