Pasa den urteko antzerkiaren une bat[/caption]
Leitzakoekin batera, Tolosaldeko eta Leitzaldeko inauteri goiztiarrenak Lizartzakoak dira. Bihar hasiko dira gibela dastatuz, eta hurrengo asteburuan emango zaie jarraipena, Ihaute dantzak, eskea, mozorroak eta bazkaria izango direlarik osagai nagusiak.
Otsolar dantza taldeak izaten du urtero, 1994. urtean berreskuratu zituztenetik, inauteriak antolatzeko ardura. Eta ez da harritzekoa dantza talde batek Lizartzako inauterien ardura izatea, dantzek pisu berezia baitute jai hauetan. Belaunaldiz belaunaldi mantendu diren bederatzi dantzez osaturiko sorta dute.
Hauek sustatu eta jarraipena izan dezaten lan handia egin zuen hil berria den Iñaki Zubeldiak. Inauterien berreskuratze lanetan giltza izan zen, eta Otsolar dantza taldeko lehendaria eta ohorezko kapitaina zen. Dantza taldeko Malentxo Arrospidek azaldu duenez, «hutsune handia utzi du, eta bere falta bereziki nabaritu dugu jaien antolakuntzan». Zubeldia bere gurasoengandik ikasitako dantzak azken unera arte ondorengoei erakusten saiatu zela nabarmendu du Arrospidek: «Dantzak asko maite zituen, eta ez zuen ulertzen dantzarik gabeko inauteririk». Zubeldiak Lizartzako inauteriez eta dantzez zuen jakituria herritarren esku geratuko da, zekien guztia idatzi egin baitzuen.
Bada, Iñaki Zubeldiak egindako lana eskertu nahi izan du Otsolar dantza taldeak, eta aurtengo inauterietan bere omenez ekitaldi xume bat egingo dute. Azken egunean izango da, otsailaren 3an, Lizartzako Ihaute dantzak eskainiko diren unean.
Giroa mantentzea
Kolpe handia izan da bai dantza taldearentzat bai eta herriarentzat ere Iñaki Zubeldiaren heriotza. Arrazoi horregatik batetik, eta krisiarengatik bestetik, aurtengo jaietan «giroa mantentzea» dute helburu, «horrelako gertakariek festa giroa sortzen laguntzen ez duten arren». Bestalde, Otsolar dantza taldeko kideak inauteriak horretarako jaiak direla gogoratzen du: «Gure aurrekoen krisia Garizumak sortzen zuen eta horri aurre egiteko nola lasaitzeko, barrena hustutze bat izaten ziren inauteriak, eta gaur egun ere, gure arazoetatik atera eta aire berritu bat hartzeko izan ohi dira».
Horretara bultzatu eta laguntzen duten ekitaldi asko daude aurtengo egitarauan. Guztietan biharko emanaldia nabarmendu du Arrospidek: «Egun eta ekitaldi guztiak gustatu arren, antzerki, dantza eta musika ikuskizuna nabarmendu eta ikusi beharrekoa da, inauterien aurrerapen modukoa izaten baita, giroa sortzen hasteko oso egokia». 70 lagun inguruk hartzen dute parte, eta garai bateko inauteriak irudikatzen ditu: «Antzina txekorra hiltzen zuten, eta horrela inauteri guztietarako jakia izaten zuten». Txekorrarekin izandako pasadizoa antzezten dute, eta zuzeneko musika eta dantza taldearen emanaldia izaten da.
Antolatzaileek azpimarratu duten beste ekitaldia datorren larunbatean, otsailaren 2an izango den baserriz baserriko txantxoen puska biltzea da. «Alaitasuna eta umorea izaten da nagusi, eta kalean ere giro polita sortzen da, mozorro eta gurdiekin», dio Malentxo Arrospidek.
Bazkarirako gonbita
Inauterietako nabarmendu beharreko beste ekitaldia, antolatzaileen esanetan, igandean edo Zaldunitan egiten duten bazkaria da. Urtean zehar herritar gehien biltzen duen ekitaldia izaten da, 300 lagun inguru elkartzen direlarik mahaiaren bueltan. Ohiturari jarraituz, txekorra eta garbantzuak jaten dituzte, txarangaren doinuak lagun dituztelarik, eta bazkalostean jokoak izaten dituzte. «Zaindu eta mantendu beharreko ekitaldia da, eta horregatik, herritar guztiak animatzen ditugu bertan parte hartzera», adierazi dute antolatzaileek. Bertarako txartelak 20 euroan eskura ditzakete helduek, eta haurrek, berriz, 12 euroan, eta urtarrilaren 31 izango da horretarako azken eguna.
Bestalde, sariak ere banatuko dituzte inauterietan. 17 urtetik beherakoei eta gorakoei sariak emango dizkiete mozorro originalenen kasuan. Urtarrilaren 31 baino lehen izena eman beharko da lehiaketan parte hartzeko. Era berean, balkoiak ederrenen apaintzen dituen herritarrak ere saria jasoko du, beraz, herritar guztiak animatu dituzte herria kolorez eta mozorroz alaitzera.
EGITARAUA
Urtarrilak 26, larunbata
12:00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz, udal ordezkariak eta txekorra plazan direla. Ondoren, antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia.
Otsaikak 1, ostirala
14:15. Eskolak antolatuta, mozorro festa.
Ondoren. Kalejira.
Otsaikak 2, larunbata
07:00. Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. Diana abestuz hasiko dituzte inauteriak.
07:30. Puska biltzea, dantzariekin eta txantxoekin, ospeletik abiatuta.
09:30. Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.
12:00. Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Errota ataritik.
13:30. Inauterietako partaide guztiek kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.
18:00. Gurdiak eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko. Bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileek egindako taloak jateko aukera izango da.
Otsaikak 3, igandea
11:00. Agintari eta dantzariak Meza Nagusira joango dira, txistulariek eskainitako Agintari doinuaz lagundurik. Ondoren, hamaiketakoa plazan.
12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera.
13:00. Lizartzako Ihaute Dantzak plazan eta Iñaki Zubeldiari omenaldia.
14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan. Ondoren, txaranga, jokoak, zozketa…
20:30. Plazan ijitoa errez inauterien amaiera.