Ikasmina sustatzeko bisitak egiten dituzte, herriz herri

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 25a, 08:00

Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu eta Tolosako Bedaion izan dira orain arte

Ikasmina: herriz herri ekimeneko helburu nagusia Tolosaldeko herritarren artean ikasteko arra sortzea da proiektuko gidariaren, Gemma Zelaiaren, hitzetan, eta Alberto Coto matematikariak eman zion hasiera pasa den abenduan. 460 ikaslek izan zuten Cotoren azalpenak entzuteko aukera, eta «hasiera ezin hobea» izan zutela dio Zelaiak. Herriz herriko bisitak urtarrilaren 16an hasi zituzten eta martxoan bukatuko dituzte. Tolosaldeko 28 herritan izango da Gemma Zelaia, eta Tolosan, herrigunean eta Bedaion ere izango dira, beraz, 29 informazio gune jarriko ditu.

Taldeka ere eskaintzen du zerbitzua, Gemma Zelaiak[/caption]

Ikasteko interesa sortu nahian

Zelaiak azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia jendeari inguruan formatzen jarraitzeko dituen aukeren inguruko informazio eta aholkularitza ematea da, «ikasteko interesa sortu nahi dugu», esan du.

Bestalde, ekimeneko sustatzaileek Tolosaldeko herritarren interesak, beharrak eta zein formazio jaso nahi duten jakin nahi dute. «Azken finean, aholkularitza zerbitzu ibiltari bat eskaintzen dugu», gaineratu du.

Orain arte, 6 herritan egon da Zelaia; Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu eta atzo, Bedaion. Baliarrainera asteazkenean joan behar zen, baina azken orduko arazo bat medio ez zen egon. «Oso gustura nago orain izandako harrerarekin, kontsulta asko egin dituzte. Edozein herritar gerturatu ahal da gunera eta aldez aurretik hitzordua hartzen badute hobeto, guztia antolatzeko», esan du.

Izan dituen eskeren inguruan galdetuta ekimeneko gidariak batzuk oso eskaera zehatzak egiten dituztela esan du, «beste batzuk berriz, aztertu egin behar ditut ikastetxean. Batzuetan erantzuna momentukoa da, azkarra, eta beste batzuetan, denbora gehiago behar dut, baina guztiek jasotzen dute erantzuna», gaineratu du.

Banakako kontsultez gain, taldeka ere zerbitzua jaso daitekeela gogoratu du, «Amezketan esaterako Guraso Eskolak egin zuen hori». Zelaiak, hala ere, zerbitzua herriz herriko bisitak baino harago doala gogoratu nahi du. «Bisita egitearekin batera hitzordua egin eta gero, totem batzuk uzten ditut herrietan eta bertan webguneko QR kodea ere jartzen du, jendearekin harremana sustatzen jarraitzeko. QR kodeak gure webgunera eramaten du eta bertan informazio guztia dago. Postontzi bat ere uzten dut jendearen eskaera, behar eta iradokizunak jaso ahal izateko».

«Tolosaldeko Zerbitzu honekin herri guztietara iristen gara, baina aldi berean, argi utzi nahi dugu Tolosan gaudela, ikastetxe batean, eta hemen ere eskura gaudela beste edozein momentutan informazioa eman eta laguntzeko», gaineratu du.

Diagnostiko bat egitea

Tolosaldeko biztanleen artean ikasteko grina sortzeaz gain, proiektu honen helburua ere bada bira guztia bukatzerakoan eskualdeko diagnostiko bat egin ahal izatea. Horretarako, galdeketa batzuk prestatu dituzte, eta informazio bila joaten diren pertsonei egiteko eskatzen diete. Hala ere, webgunean ere badaude ‘Parte Hartu’ atalean, edozeinen eskura. «Inkesta bat da, jendeari zergatik ikasten duen eta abar galdetzeko eta diagnostikoa egiteko», zehaztu du.

Ikasmina: herriz herri Tolosaldea Goimailako Lanbide Heziketa institutuak bultzatu du eta finantzaketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko sailak egin du.

Fitxa

Webgunea. www.ikasmina.tolosaldea. com .

Hitzordua Hartzeko moduak. ikasekin@tolosaldea.com helbidera idatzita, edo Gemma Zelaiari (615 775 678) edota Tolosaldea Goimailako Lanbide Heziketa institutura deituta (943 65 11 47).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!