PPren gobernuak eta Wert hezkuntza ministroak, hezkuntza sistemaren kontrarreforma frankista onartu nahi dute: LOMCE. Hori inposatzea lortzen badute, atzerapauso ikaragarria izango da hezkuntza publikoarentzat eta beraz, langileentzat eta gizarteko sektore kaltetuenentzat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen urteetatik ikasleak etengabe banatzea ekarriko du, oztopoak jarriz. Bata bestearen atzetik, kualifikazio handiagoa duten kurtsoetara pasatzea eragozteko, goi mailako Lanbide Hezkuntzara, Batxilerrera edo Unibertsitatera. Hiru amaiera azterketa ekarriko ditu: bata DBH 4ean, bestea 2. batxilerrean, eta ondoren unibertsitatera sartzekoa. Ikasleen eta irakasleen eskubide demokratikoen murrizketa historiko bat izango da ikastetxe barnean. Jada planteatu da greba eskubidea kentzeko mehatxua, eta administrazioak hautaturiko zuzendari «diktadorearen» irudi berria inposatuko du.
Gainera, LOMCEaren helburu da euskara, galegoa eta katalana laugarren hizkuntza gisa jartzea lehen eta bigarren hezkuntzan. Lege berriak hizkuntzak hiru kategoriatan bereizten ditu: enborrekoak (gaztelera eta lehen atzerriko hizkuntza), espezifikoak (bigarren atzerriko hizkuntza) eta espezialitatea (euskara, galegoa, katalana). Lehenek ordutegiaren %50a hartu beharko dute gutxienez, bigarrenek %50a gehienez eta hirugarrenek ez dute denbora minimo bat zehazturik. PPren gobernua izango da enborreko hauen edukiak eta gutxieneko ordutegia erabakiko dituena, baita espezifikoen gehienezko ordutegia ere.
Neurri honek batez ere Kataluniari eragiten dio, murgiltze linguistikoko eredu bakarra baitu. Erabateko arrakasta izan duena. Lerro linguistikoetan zatiketa eragozten du eta frogatuta dago katalanek ongi hitz egiten eta idazten dutela gazteleraz.
Eredu hori frankismoaren aurkako borrokaren bidez eraiki ahal izan zen, milaka eta milaka langile emigranteren eta katalanen babesarekin, katalana hezkuntza publikoko hizkuntza gidari gisa defendatu baitzuten. Euskal Herrian aldiz (eta baita Galizian ere) ezagutzen dugu nora daraman lerro linguistikoetan zatitzen duen ereduak. Euskarak Euskal Herri barnean hizkuntza minorizatu gisa bazterturik egoten jarraitzen du. Neurri berri honekin euskarak, azken urteetako aurrerapausoen ondoren, berriz atzera egiteko arriskua izan dezake.
Oinarrizkoa da kontrarreforma hau gelditzea eta horretarako beharrezkoa da ikasleen eta langileen indarrak elkartzea. Hori dela eta, Euskal Herria Sozialistatik babestu egiten dugu hezkuntza publikoa defendatuz Ikasle Sindikatuak Euskal Herrian eta Sindicato de Estudiantesek Estatu guztian zehar deitu duen borroka aste berria. LOMCEa berehala atzera botatzea, eta Wertek dimititzea eskatzen duena.
Aste honen barnean 72 ordutako ikasle greba orokorra sartzen da datorren otsailaren 5, 6 eta 7an. Honekin batera, babesa eman nahi diogu LOMCEaren aurka ELA, LAB eta STEE-EILAS-ek martxoaren 2rako proposatu duten mobilizazioari. Dei egiten diegu langileen sindikatuei eta ikasle erakundeei bi mobilizazio hauei babesa emateko. Asko dago jokoan eta ezin diegu utzi iraganean hainbeste sakrifiziorekin lortzea kostatu ziren eskubideak kentzen.
Ibon Artola. Euskal Herria Sozialistako kidea.