Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako 75 langile kalean geratzeko arriskuan daude

Ataria 2013ko urtarrilaren 24a

Zizurkilen kokaturiko Huyck Wangner Spain SA enpresako 75 langile kalean geratu daitezke, izan ere, langileen batzordeak salatu duenez, kudeatzaileek lantegia itxi nahi dute. Langileek dagoeneko euren egoeraren salaketa jendaurrean egin dute, Zizurkilen eta Villabonan pankartak jarriz, ondorengo mezuekin: Huyck Wangner enpresako 75 langile arriskuan eta enpresariak onurekin, Huyck Wangner ez itxi! eta Ez duzue lortuko!

Langileek azaldu dutenaren arabera, «multinazionalaren zuzendaritzak 75 langile kaleratzeko asmoa du, enpresa bideragarria denean eta irabaziak dituenean». Halaber, gehitu dutenez, orain arte lantegiak «normaltasunez» funtzionatu du, eta horregatik, kaleratzeeen eta enpresaren itxieraren albisteak «ustekabean» harrapatu ditu langile guztiak. Azaldu dutenez, enpresaren zuzendaritza langileen ordezkaritzarekin jarri da harremanetan egoeraren berri emateko. Langileak aurkeztutako egoera aztertzen ari dira, eta datorren astelehenean egingo dute agerraldia hartu duten erabakiaren berri emateko.

Lantegia Zizurkil Goian dago, Altziturri industrigunean, eta 80 langilek egiten dute lan. Aurretik Perot y Cia. izenez ezagutzen zen eta Tolosan zuen bere egoitza. Egun Huyck Wangner alemaniar multinazionalarena da enpresa. Paper industriarako ehun metalikoak egiten dituzte bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!